Loraldiak Xiberoako kultura eta musikaren unibertsoa erakusteko transmedia proiektua garatu du, Xiberoa kantuz loraturik izeneko egitasmoaren baitan.
Hiru adar nagusi ditu proiektuak: alde batetik, Xiberoa kantuz loraturik ikuskizun eszenikoa; bestetik, proiektuaren inguruko podcasta; eta azkenik, dokumentala.
Dokumentalak Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan du izenburua, eta Begira Produkzioak ekoitzi du. Larraitz Zuazok eta Ane Rotaetxek zuzendu dute, azken honen gidoian oinarrituta.
Dokumentala Bilboko ZINEBI Zinema Jaialdian estreinatuko da, euskal filmak biltzen dituen Bertoko Begiradak sailean, azaroaren 12an, 18:00etan, Golem Bilbao – 3. aretoan.
Informazio gehiago: ZINEBI programazioa
Sinopsia
Goizero kantuz loratzen dira Xiberoako lurrak. Tradizioaren gotorleku eta sormenaren lurralde. Non denborak atseden hartzen duen, eta libertateak arnas. Bortitz bezain eder, anitz bezain hertsi. Xiberoa Kantuz Loraturik ikuskizuneko protagonistek ongi dakite iraganaren ondarea lanabes izan eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzea zer den. Emanaldi horren sormen prozesuari eskainitako begirada eta herrialde baten emozioen lekukotza da dokumental hau.