Loraldiaren egitasmo transmedia honek Xiberoako kantu tradizioa, memoria eta sormen garaikidea hurbiltzen dizkio publikoari, euskal kulturaren transmisioan urrats berri bat emanez.
Loraldiaren “Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan” dokumentala Primeran plataforman ikusgai dago jada. Dokumentala Loraldiak sortutako Xiberoa kantuz loraturik produkzio propioaren unibertso artistikotik abiatzen da, eta Xiberoako kantu tradizioan, lurraldearen nortasunean eta belaunaldien arteko transmisioan sakontzeko gonbita egiten du.
Dokumentala Loraldiaren lehen transmedia esperientzietako bat da. Egitasmoak hiru adierazpide uztartzen ditu: eszena-ikuskaria, dokumentala eta podcast-a. Helburua ez da soilik oholtzan sortutako esperientzia zabaltzea, baizik eta haren atzean dagoen kultur unibertsoa pantaila eta entzumen formatuetara eramatea, publiko berrietara iristeko eta euskarazko kultur sorkuntzari hedapen handiagoa emateko.
Xiberoako kantuen memoria bizia
“Goizero kantuz loratzen dira Xiberoako lurrak”. Ideia horretatik abiatuta, dokumentalak Xiberoako bizimoduan, kantuan, hitzean eta emozioetan murgiltzen gaitu. Tradizioaren gotorleku gisa agertzen da Xiberoa, baina baita sormenaren eta askatasunaren lurralde gisa ere. Dokumentalak iraganaren ondarea lanabes bihurtu eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzen dituzten sortzaileen begirada jasotzen du.
Loraldiaren ikuspegitik, proiektu honek argi erakusten du euskal kulturaren transmisioa ez dela soilik memoria gordetzea. Transmititzea da berrirakurtzea, berriro kantatzea, gaurko begiradarekin entzutea eta etorkizuneko publikoekin partekatzea. Horregatik, Xiberoa kantuz loraturik egitasmoak Zuberoako kulturaren balioa plazaratzen du, baina formatu garaikideen bidez egiten du, gaur egungo kontsumo ohituretara egokituta.
Loraldia Produkzioak eta kultura transmisioa
Loraldiak urteak daramatza euskarazko sormena sustatzen duten produkzio propioak sortzen, Festibalean aurkeztu eta ondoren Euskal Herrian zehar zabaltzeko. Produkzio horien bidez, euskal kulturaren erreferenteak, lurraldeak, ahotsak eta diziplinak gaurko ikuspegi artistikoarekin lantzen dira.
“Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan” dokumentala norabide horretan kokatzen da: oholtzatik harago doan kultur esperientzia da, Xiberoako kantu tradizioaren aberastasuna ikus-entzunezko lengoaia baten bidez partekatzeko sortua.
Dokumentalaren fitxa teknikoan jasotzen denez, proiektuaren eragilea eta ekoizlea Loraldia da; zuzendaritza Larraitz Zuazok eta Ane Rotaetxek egin dute, eta gidoia Ane Rotaetxerena da.
Primeranen, ikusle guztien eskura
Dokumentala Primeranen egoteak beste urrats bat ematen dio proiektuari: Euskal Herriko edozein txokotatik ikusteko aukera zabaltzen du, eta Xiberoako kantu-unibertsoa etxeetara eramaten du. Plataforma digitalak aukera ematen du Loraldiaren sormen propioak bizitza luzeagoa izan dezan eta publiko berriengana iristeko.
Loraldian argi dugu: euskal kultura bizirik dago, sortzen ari da, berritzen ari da eta kontatzeko modu berriak behar ditu. “Xiberoa kantuz loraturik. Txoriekin hizketan” dokumentala horren adibide ederra da.
Ikusi dokumentala Primeranen:
https://primeran.eus/m/xiberoa-kantuz-loraturik-txoriekin-hizketan
Xiberoa kantuz loratzen delako. Eta kultura transmititzen denean, berriro bizitzen delako.