Imanol Jazz

FITXA ARTISTIKOA

Piano jotzaileak: Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez
Ahotsak: Ainara Ortega eta Petti
Moldaketak: Karlos Gimenez, Iñaki Salvador, Ainara Ortega

EKOIZPENA

Ekoizpena: Loraldia
Ekoizpen laguntzailea: Vaiven

MUSIKA

Bizitzari buruz mintzo ziren Imanol Lartzabal kantariak interpretatzen zituen kantu ederrak. Poema sentikorrak aukeratzen zituen eta maisutasun handiz melodiak ehuntzen zituen. Imanol Lartzabal 2004ko ekainean joan zitzaigun baina laga zizkigun kantuek geure gogoan eta bihotzean luze eta irmo iraungo dute.

Berreskuratuko dugu Imanolen sormena eta ikusle aurrean jarri nahi dugu berriro ere, denok goza dezagun. Horretarako Ainara Ortega, Petti, Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez batu gara. Bi boz eta bi piano, lau mundu bat eginik errepertorio xarmangarri bat berpizteko asmoz. Bizipoza eta ilusio ikaragarria dugu gure baitan. Onena emateko prest eta oroimina elkarri oparitzeko. Imanol gure laguna gorputz eta arima aritu zen poesia eta musikaren unibertsoan. Bat egin dugu berriro eta ekingo diogu erakutsi zigun ibilbideari.

KANTUAK

Izarapean / Lau haizetara / Ilun ikarak / Maitiak galde egin zautan / Nire euskaltasuna / Koplak / Mayo / Oroimeneko portua / Zure tristura / Ausencia / Nun zaude kuku maite / Malkoak euri balira

IMANOL LARTZABAL

Musikari donostiarra 1947an munduratu zen. Hamazazpi urterekin hasi zen kantatzen eta bost urte geroago, aurreneko diskoa kaleratu zen, Michel Etchegaray ezizenarekin. Diktaduraren garai latzak ziren eta 1971n kartzelan sei hilabetez igaro zuen. Jarraian, Frantzia aldera ihes egin behar izan eta bertan Paco Ibañez, Gwendal, Georges Moustaki… ezagutu zituen. Parisen katalan kantari baten kabaretean lan egin zuen eta hortxe Luis Llachen eta Elisa Sernaren lagun egin zen.

1977ko amnistiarekin itzuli zen etxera eta jarraitu zuen kantari. Guztira, 20 disko plazaratu zituen eta errepertorio honetan Jon Mirande, Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Felipe Juaristi eta Juan Mari Lekuonaren poema musikatuak entzun ditzakegu. Poesia eta musika sentikortasun handiz uztartu zituen. Bere ibilbidean hainbat musika mota jorratu zituen: kantagintza, jazza, rocka, musika tradizionala…

Gogoangarria da Joseba Sarrionandia eta Pikabearen ihesaldia Martutene kartzelan Imanolek emandako kantaldi bateko bafleetan. Baina, 1986an ETAk Yoyes hil zuen eta Imanolek hilketa honen aurka plazaratu zuen jarrerak ondorio latzak ekarri zizkion. Mehatxuak eta boikota jasan behar izan zuen eta azkenik Euskal Herritik kanpora joan zen bizitzera. 2004ko ekainean, Orihuelan, Imanolen bihotza gelditu zen. Hil zenean sehaska-kanten disko bat ari zen sortzen.

ELKARLANA

2016an LORALDIA FESTIBALAK Laboa Jazz egitasmoa jarri zuen abian. Iñaki Salvadorrek hartu zuen Mikel Laboaren kantak moldatzeko erronka. Berak bidaideak aukeratu zituen: Anjel Unzu gitarrarekin eta Ainara Ortega eta Maria Berasarte ahotsetan. Ondorioa hunkigarria izan zen. Apirilaren 16ko arrasti hartan gure bihotzek krak egin zuten.

Bi urte beranduago ildo beretik abiatuko gara, Imanol Lartzabalen kantu sentikorrak jazz eremura eramanez. Lan eder nonetan bi piano jotzaile arituko dira: Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez. Gogora dezagun piano jotzaile biak ibili zirela Imanolekin herriz herriz, kantaldiz kantaldi. Orain errepertorioaren kantu hunkigarri xorta bat plazaratuko dute begirada musikal berri baten bidez.

Lan bi hauek plazaratu ahal izateko ezinbestekoa izan da Euskal Herriko Unibertsitateko MIKEL LABOA KATEDRAREN babesa.

PROGRAMAZIOA ETA SARRERAK