Antzerkia · musika · mugimendua · memoria historikoa · gazteen ahotsa
1936ko kolpe faxistaren ondoren, milaka haur euskaldunek erbestea hartu behar izan zuten. Haien bizipenak, ordea, ez dira iraganeko pasarte itxiak. Gaur ere gure artean dira, beste forma batzuetan: gerran, migrazioan, indarkerian, arrazakerian eta gorrotoaren diskurtsoetan.
Ezer ez delako amaitzen diziplina anitzeko ikuskizuna da, Euskal Herriko bost ikastetxetako DBH eta Batxilergoko ikasleekin elkarlanean sortua. Antzerkia, musika eta mugimendua uztartuz, collage moduko pieza garaikide bat eraikitzen du, non haur erbesteratuen testigantzak eta gaur egungo gazteen galderak, kezkak eta begiradak eszenan gurutzatzen diren.
Ikuskizun honek memoria historikoa gaurkotu nahi du, eta, aldi berean, erreparazio ariketa bat proposatzen du: isilarazitako bizipenei lekua eman, gazteen ahotsa erdigunean jarri, eta iraganari begiratuz oraina hobeto ulertzeko aukera eskaintzea.
Euskaraz sortutako lan kolektiboa da, gazte eta helduentzat, emozioa eta hausnarketa uztartzen dituena.
Hezkuntza-prozesu batetik sortutako ikuskizuna
Ikuskizun hau ez da soilik eszenaratze bat. Urte osoko transmisio-, ikerketa- eta sorkuntza-prozesu baten emaitza da.
Loraldia Eskola lerroaren baitan, eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean, ikasleek memoria historikoa landu dute artxibo, testigantza eta dokumentazioaren bidez. Aldi berean, euren begiradatik abiatuta testu, eszena eta proposamen artistiko berriak sortu dituzte.
Ikasgelatik eszenatokira egindako bide horretan, gazteak ez dira parte-hartzaile hutsak: proiektuaren bihotza dira. Haien ahotsak dira memoria hau gaurko hizkuntzan berridazten dutenak.
Proposamen artistikoa
Ezer ez delako amaitzen collage egiturako pieza garaikidea da. Ahotsak, gorputzak, testuak eta soinuak uztartzen ditu, iraganeko pasarteak eta gaurko begiradak elkarrekin jarriz.
Proposamenak galdera bat uzten du airean: benetan amaitu al dira iraganeko zauriak? Edo gaur ere beste itxura batzuetan ageri al dira?
Ikuskizunak emozioa eta hausnarketa uztartzen ditu, eta ikuslea memoria, justizia eta erreparazioaren inguruko gogoetara gonbidatzen du.
Proposamen honek ez du memoria leku estatiko batera eramaten. Kontrakoa egiten du: bizirik dagoen galdera bihurtzen du, gaurko gizarteari zuzendua. Izan ere, historia ez da beti lineala; batzuetan errepikatu egiten da. Horregatik, iragana ezagutzea ezinbestekoa da gaurko bidegabekeriak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko.