Anton Abbadia

FITXA ARTISTIKOA

Aktorea: Txomin Heguy
Musikariak: Xabi Zeberio eta Mixel Ducau
Kantaria: Alaia Phillips Ducau
Eszena zuzendaria: Oier Guillan
Testugilea: Patxo Telleria

Metrokoadroka eta Chimères Antzerki Taldearekin elkarlanean

EKOIZPEN TALDEA

Loraldiaren ekoizpena

1853ko udaberria zen eta Anton Abbadia geografoa, astronomoa eta kulturgilea kezkaturik zegoen euskal kultura nola biztu behar hausnartzen. Erromantikoa zen Abbadia eta Euskal Pizkundean partaidea.

Aipatu urte hartan, musika, dantza eta batik bat euskal poesiari buruzko jardunaldiak antolatzea otu zitzaion. Horrelaxe sortu ziren aurreneko Euskal Lore Jokoak.

Urruñan plazaratu ziren eta euskal kultura ikusgarri jartzen zuen bide luze bat zabaldu zuten.

Anton Abbadia Dublinen etorri zen mundura 1810ean eta 1897ko martxoan joan zen. Bizitza luze hau bidaia emankorra izan zen. Irlanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Egipto, Etiopia… ezagutu zituen. Nabarmena da Afrikan, Etiopian hain zuzen, eman zituen urteak. Bertoko etnografia aztertu zuen eta hainbat hizkuntza ikasi ere.

Bizitza bidaiaren amaieran Hendaian aurkitu zuen landarik egokiena azken egoitza eraikitzeko. Itsasoari begira gaztelua altxatu zuen. Bertan liburutegi handia jarri zuen eta, bertatik, euskal kultura munduko beste kulturen pare xedearekin hainbat ekimen jarri zuen abian.

Esan bezala, Loraldiak lekukoa hartu du eta asmo eta gogo berarekin plazara abiatu nahi du. Lapurditik Bilbora eramango dugu arima hasieran, geroago Euskal Herrian zehar bidaiatzeko.

DUBLINETIK HENDAIARA

Teatroari dagokionez, Patxo Telleria dramaturgoak idatzitako testua hartu eta Txomin Heguyk plazaratuko du bakarrizketa erara.

Musikari dagokionez, Xabi Zeberio eta Mixel Ducau bikoteak sortutako soinu bandak ornituko du teatro bakarrizketa. Itzal luzeko bi musikagilerekin batera Alaia Phillips Ducauren emakumezko boza bat izango da kantuan aritzeko. Kantuek irudikatuko dituzte Anton Abbadiaren bizitza pasarteak.

Musikaren eskutik bidaia ederra egingo dugu, ikuskarian zehar Irlanda, Frantzia, Zuberoa, Etiopia… herrialdeetako aireak entzungo baititugu.

Xabi Zeberio biolina eta nyckelharparekin arituko da. Mixel Ducau, berriz, gitarra eta saxoarekin. Nabarmendu beharrean gaude Alaia Phillips Ducauren agerpena. Ahots berri honen estreinaldiak euskal boza berri bat ekarriko du eszenara.

Ikuskari honen leman Oier Guillan dugu. Oiartzungo antzerkigile honen lana Metrokoadroka konpainian izan da batik bat. Eskarmentu handia du eszena zuzendaritzan eta eginkizun honetan Abbadiaren bidaia antolatzeko eta gidatzeko agindua du.

Esan bezala, teatroa eta musika uztartzen duen sentikaria da Anton Abbadia izeneko ekoizpen propio hau.

Formatu txikiko ikuskaria izango da, hurbiletik ikusteko antzezlana, hain zuzen.

PROGRAMAZIOA ETA SARRERAK