1853ko udaberria zen eta Anton Abadia geografoa, astronomoa eta kulturgilea, kezkaturik zegoen euskal kultura nola biztu behar hausnartzen. Erromantikoa zen Abbadia eta Euskal Pizkundean sustatzailea.
Aipatu urte hartan, musika, dantza eta batik bat euskal poesiari buruzko jardunaldiak antolatzea otu zitzaion. Horrelaxe sortu ziren aurreneko Euskal Lore Jokoak.
Urruñan plazaratu ziren eta euskal kultura ikusgarri jartzen zuen bide luze bat zabaldu zuten.
Anton Abadia Dublinen etorri zen mundura 1810ean eta 1897ko martxoan joan zen. Bizitza luze hau bidaia emankorra izan zen. Irlanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Egipto, Etiopia… ezagutu zituen. Nabarmena da Afrikan, Etiopian hain zuzen, eman zituen urteak. Bertoko etnografia aztertu zuen eta hainbat hizkuntza ikasi ere. Baita Nilo Urdinaren iturburuak ere deskubritu zituen.
Bizitza bidaiaren amaieran Hendaian aurkitu zuen landarik egokiena azken egoitza eraikitzeko. Itsasoari begira gaztelu ikusgarri bat altxatu zuen. Bertan liburutegi handia jarri zuen eta, bertatik, euskal kultura munduko beste kulturen pare xedearekin hainbat ekimen jarri zuen abian.
Loraldiak Antonen lekukoa hartu du eta asmo eta gogo berarekin euskal kultura plazara eraman du. Lapurditik Bilbora hasieran, orain Euskal Herrian zehar bidaiatzeko.
DUBLINETIK HENDAIARA
Formatu txikiko ikuskaria honek bi osagai ditu: teatroa eta musika.
Teatroari dagokionez, Patxo Telleria dramaturgoak idatzitako testua hartu eta Anje Oregik plazaratuko du bakarrizketa erara.
Musikari dagokionez, Xabi Zeberio eta Mixel Ducau bikoteak sortutako soinu bandak ornituko du teatro bakarrizketa. Itzal luzeko bi musikagilerekin batera Alaia Phillips Ducauren emakumezko boza bat izango da kantuan aritzeko. Kantuek irudikatuko dituzte Anton Abbadiaren bizitza pasarteak.
Musikaren eskutik bidaia ederra egingo dugu, ikuskarian zehar Irlanda, Frantzia, Zuberoa, Etiopia… herrialdeetako aireak entzungo baititugu. Xabi Zeberio biolina eta nyckelharparekin arituko da. Mixel Ducau, berriz, gitarra eta saxoarekin. Nabarmendu beharrean gaude Alaia Phillips Ducauren agerpena. Ahots berri honen estreinaldiak euskal boza berri bat ekarriko du eszenara.
Ikuskari honen leman Patxo Telleria dugu. Eskarmentu handia du dramaturgian eta eszena zuzendaritzan. Berak teatro testua idatzi eta zuzendari artistikoaren ardura du. Esan bezala, teatroa eta musika uztartzen duen sentikaria da Anton Abbadia izeneko ekoizpen propio hau.
Estreinaldia 2015ean izan zen Bilboko Arriaga Antzokiko Foyerrean, Aitor Mazoren eskutik Loraldia Festibalean. Bi urte beranduago Txomin Hegik jokatu zuen Anton Abadiaren papera eta 2020 arte biran ibili zen Euskal Herriko eszenatokietan.
2025eko azaroan, berriz, Hondarribian bir estreinatu zen Anje Oregirekin, bertoko Lore Jokoen mendeurrenaren ospaikizunetan.