Gaurko euskal kultura marean gora dabil. Pabiloiak betetzen ditu inoiz ez bezala, baina baita areto txikiak ere. Sortzaile erreferentzialak ditugu, transmisioa zaintzen dugu, diziplina anitzak plazaratzen dira… gure sormen-ekosistema ikusgarri dago. Oraindik ez dugu goia jo, baina gora goaz.
Zaratamon eta Arrigorriagan loratzen da udazkenero eta baita urtean zehar ere. Loraldiaren laugarren edizioa dugu eta gogora ekarri nahi ditugu Gabriel Arestiren hitzak: euskara “putzu sakon eta ilun bat zen. Orain zuen birtutez, zuen indarrez, euskara itsaso urdin eta zabal bat izanen da eta guria da”. Marea gora!
Orain dela lau hamarkada luze Itoizek eta Mikel Laboak bideak zabaldu zituzten, Ruper Ordorikak ez du sormen-katea eten eta errepidean dabil gitarra eskuan. Meñakozen gazteak esperimentatzen dabiltza mugimenduarekin. Flamenkoa txalaparta eta euskal munduarekin uztartu da. Eta hori gutxi balitz, esperientzia digital batean murgilduko gara kalerik kale. Hamaika ikusteko jaio baikara. Azkenik, Lantziegoko ardoekin egingo dugu topa gure geroaren alde. Gure itsasoaren alde. Zain dezagun maite dugun hori!