Loraldiak Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen duen ikuskaria eta produkzio propioa eskainiko du Loraldia Festibalean

  • Xiberua kantuz loraturik Loraldiaren produkzioa da. Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen du, basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartuz.
  • Eszenan, Zuberoako arima eta kantuen indarra sentituko dugu. Musika eta irudien bidez, ikusleek bidaia emozional bat egingo dute, bizitzaren, maitasunaren, itxaropenaren eta umorearen bidez gidatuta.
  • Lehen mailako sortzaile talde aparta izango da oholtzan: Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Julen Achiary, Mitxel Etxekopar, besteak beste. 

 

Martxoaren 13an, 19:30ean, Loraldiak bere azken produkzio propioa aurkeztuko du Loraldia Festibalean, Arriaga Antzokian: “Xiberoa Kantuz Loraturik” ikuskizun paregabea aurkeztuko da. Ikus-entzunezko eta musika esperientzia honek Zuberoako kantu tradizionalak eta ikuspegi garaikidea uztartzen ditu, emozioz beteriko bidaia artistiko batean.

Basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartzen dituen ikuskaria da. Herri-kantu hauen aberastasun esentzialarekin esperimentatzera gonbita luzatu nahi dizuegu. 

Loraldiak produkzio propioak sortzen ditu eta hau 2024ko handiena izan zen. Iruñean egin zen estreinaldia otsailean eta Euskal Herriko zenbait antzokitan eskaini ondoren, Bilbora helduko da.

Eszenan, Zuberoako arima eta kantuaren indarra

Ikuskizun honetan, Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Ihitz Iriart, Julen Achiary, Mixel Etxekopar, Eliane Héguiaphal, Pierre Vissler eta Jordi Cassagne izango dira protagonista. Artista hauek Zuberoako kantu tradizionalaren aberastasuna eta gaur egungo sorkuntza uztartuko dituzte, baso-aireak, kantuak eta irudiak nahastuz.

Zuberoa, euskal lurralde txikiena izanik ere, kantu-memoria luzea eta tradizio oparoa gordetzen duen lurraldea da. Pastoralak, Maskaradak eta bertako kantuen aberastasuna eszenaratuko dira, ikusleak emozio eta oroimen kolektiboaren bidaia batean murgilduz. Ikuskizunean Itxaro Borda, Joxan Artze eta Pier Paul Berzaitzen testuak ere entzungo dira, eta horrek dimentsio poetiko eta sakona emango dio.

Sortzaile talde aparta

Beñat Achiary, berriz, euskal kulturan aurki daitekeen berritzaitzailerik handienetako bat da: kantari, musikari eta inprobisatzailea. Oso estimatua gure mugetatik at. Tradizioa berrizten egin duen lana izugarria da eta gai da gure bihotzak astintzeko zeharo.

Julen Achiary, Beñaten semea, aitaren ezpalari jarraituz bide berritzaileetatik abiatzen da Haratago taldearekin (talde honetako bi musikarik ere ikuskari parte hartzen dute). Aita eta semea izango dira gidari artistikoak.

Mixel Etxekoparrek bizitza oso bat eman dio Zuberoako tradizioari. Umorez blaitu eta esentzia bilatu du etengabe. Gaurko kultura zuberotarren zutabe bat da. Aipagarria da Isturitzeko hiru zuloko flauta (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu zuela eta doinua atera diola.

Ikuskarian erakutsiko diren argazkiak Eliane Héguiaphal-enak izango dira. Zuberoan bizi den argazkilari bikain honen irudiak kantaldiaren parte izango dira. Emakume argazkilari honek euskal kultura zainetan darama eta gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibertsoa dira, batik bat. Goresten ditu zuri-beltzeko argazkiak eta Pirineetako ihauteriak, maskaradak baita pastoralak ere izango dira arte bisualen protagonistak.

Parte hartuko duen ez ohikoena aurkeztea falta zaigu: Pierre Vissler. Frantziatik etorri zitzaigun Zuberora eta gaur egun euskal kulturaren erreferente bihurtu da. Musikan nahiz teatroan murgilduta izan da azken aldi honetan. Clown eremuan ibilitakoa eta Mixel Etxekoparrekin batera “Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa” lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabatu eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan “elektroakustikalaria” izango dela agindu dute. Gutxitan ikus daitekeen funtzio berritzailea. Edozein bazterretan edo sasoitan hartutako  Zuberoako doinuak ekitaldi hipnotiko bihurtzen dituen abangoardista.

Eszena gainean

Kantua: Maddi Oihenart
Kantua: Ihitz Iriart
Kantua eta perkusioa: Beñat Achiary
Kantua eta perkusioa: Julen Achiary
Txirula eta kantaria: Mixel Etxekopar
Biola gamba apala: Jordi Cassagne

Tradiziotik garaikidetasunera

“Xiberoa Kantuz Loraturik” ez da ohiko ikuskizuna. Tradizioa oinarri hartuta, gaur egungo kultura garaikide aberatsa esploratzen du, Zuberoako arimaren eta kantuen bidez. Musika eta irudien bidez, ikusleek bidaia emozional bat egingo dute, bizitzaren, maitasunaren, itxaropenaren eta umorearen bidez gidatuta.

EKE Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean aritu da Loraldia iparraldeko sortzaile talde esanguratsu hau bildu ahal izateko.
Euskal kulturaren nortasuna eta arima ospatzen ditu, eta kantua gure arnasa eta gure nortasunaren pasaporte gisa aurkezten du.


Ekitaldiaren xehetasunak

Ez galdu Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko topaketa magiko hau. “Xiberoa Kantuz Loraturik” emozioz eta inspirazioz beteriko gaualdi ahaztezina izango da.

 

Loraldia eta Loraldia produkzioak

Loraldia 2014an sortu zen Bilbon, Loraldia Festibala euskarazko kultura garaikideko jaialdi gisa.

Jarduerak eta lan-ildoek gora egin dute urteekin, eta 2024an Loraldia jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatu zen. Jaialdi hau Eskola, Produkzioak, Gaztea, Plaza, Digitala eta Lorazainak ekimeneko gainerako lan-ildoen intsignia eta traktorea da.

Loraldiak euskaraz sortzen den kulturaren garapena, berrikuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzen ditu. Euskararen unibertsoaren iruditeria garaikidea azaleratu eta etorkizuneko eszenatokia eskaini nahi du. Horrela, Euskal Herri osoan ezagutaraziko den euskarazko kultur eskaintzaren eragile erreferente eta sustatzaile bihurtzen da.

Bere lan ildoetako bat, Produkzioak, hain zuzen ere, euskarazko kultur industrian laguntzeko eta gure ikuspegi eta proposamen bereziak emateko sortu da. Horrela, urtero sortzen du ekoizpen propio bat, hainbat lekutan biratzeko asmoz sortzen dena. Lehenengoa Anton Abbadiaren inguruan jaio zen, jaialdiaren lehen edizioan.

Xiberua kantuz loraturik publikoari aurkezten dion zortzigarren ekoizpen propioa da.

Proiektu honetan Loraldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herria Hirigune Elkargoaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) laguntza jaso du.