- Loraldiak bere babesle, kolaboratzaile, sortzaile eta Lorazainak bildu zituen atzo, urteko balantzea egin eta euskal kultura garaikidearen osasun ona ospatzeko.
- Janus Lesterren zuzeneko musikak girotutako ekitaldian, 2025ean garatutako 7 lan-ildoak (Festibala, Eskola, Produkzioak, Plaza, Gaztea, Digitala eta Lorazainak) nabarmendu ziren.
- 2026ko Loraldia Festibalaren lehen zertzeladak aurkeztu dira eta sarrerak gaur bertan, abenduak 17, jarri dira salgai loraldiafestibala.eus webgunean.
Loraldiak, euskal kulturaren industria eta sormena sustatzen duen proiektuak, etorkizunera begira jarri du bere iparrorratza. Atzo arratsaldean, Loraldiak bere ekosistema osatzen duten eragileak —erakundeak, babesleak, sortzaileak, bidelagunak, enpresak eta Lorazainen komunitatea— bildu zituen topaketa berezi batean. Helburua argia zen: 2025ean elkarrekin eraikitakoa ospatzea eta datorren udaberrian iritsiko den festibalaren edizio berriaren ateak zabaltzea.
Ekitaldiak informazioa eta gozamen artistikoa uztartu zituen, Janus Lesterren emanaldiaren eskutik, eta une gorenarekin amaitu zen: 2026ko Loraldia Festibaleko sarreren salmentaren irekierarekin.
2025: zazpi adarretatik loratutako proiektua
Ekitaldian zehar, aurtengo urteak emandako uztaren errepasoa egin zen. Loraldiak erakutsi du jaialdi bat baino askoz gehiago dela; urte osoan zehar, zazpi lan-ildo estrategikoren bidez eragiten duen kultur proiektu integrala baizik.
2025ean, Loraldiak bere eragin-eremua zabaldu du arlo hauetan:
- Festibala: sormen garaikidearen erakusleiho nagusia izaten jarraitu du, Bilbon eta martxoan.
- Eskola: hezkuntzan transmisioa bermatuz eta ikasleak sortzaile bihurtuz.
- Produkzioak: euskarazko sormen propioa ekoiztuz eta estreinatuz.
- Plaza: Bilboko festibalaren esperientzia arrakastatsua Euskal Herriko beste herri batzuetara eramanez.
- Gaztea: talentu berriak eta etorkizuneko ahotsak sustatzeko eta trebakuntza eskaintzeko lan-lerroa.
- Digitala: euskal kultura ingurune digitalean eta formatu berrietan hedatzeko.
- Lorazainak: kulturzaleen eta euskalzaleen komunitatea sendotuz eta saretuz.
2026ko Loraldia Festibala: abangoardia hizpide eta sarrerak salgai
Topaketaren une zirraragarriena 2026ko edizioaren aurrerapenarekin iritsi zen. BAGA, BIGA, HIGA, MAURIZIA! lelopean, Loraldia Festibala martxoaren 9tik 28ra bitartean itzuliko da Bilbora hamabigarrenez, euskal kulturaren proposamenik berritzaileenak plazaratzeko asmoz.
Atzoko ekitaldian edizio berriaren ardatzak eta programazioa aurkeztu ziren: diziplinen hibridazioa, modernitatea eta euskal kulturaren begirada unibertsala.
Guztira, 25 proposamen eskainiko dira eta 29 ekintza burutuko dira. Programazio artistikoari dagokionez, musika, dantza, teatroa, esperientzia digitalak, zinea, literatura, bertsolaritza, naturatik ibilbidea eta murgiltze-esperientziak izango ditugu.
Datorren urteko egitarauan, besteak beste, Nogen taldeak 10. urteurrena ospatuko du edota Ikimilikiliklik Vol. 2, Loraldiaren produkzio berria, nabarmenduko dira. Loraldian ohikoa denez, diziplinen uztarketaz gain, belaunaldi ezberdinetako sortzaileak bilduko ditugu, Bilboko kultur gune eta areto garrantzitsuenetara helduko gara eta arriskuak hartuko ditugu kultur proposamenberritzaileak aurkeztuz.
Antolakuntzak azpimarratu duenez, “gure helburua ikusleak harritzea eta emozionatzea da, euskaratik eta sormenetik abiatuta. Janus Lesterren atzoko emanaldiak ondo islatzen du bilatzen dugun espiritua: freskura, kalitatea eta konexioa“.
Hori dela eta, publikoak bere lekua ziurta dezan, 2026ko Loraldia Festibaleko ekintza gehienetarako ia sarrerak gaurtik aurrera, abenduak 17, eskuragarri daude.
Kulturzale guztiei dei egiten diegu www.loraldiafestibala.eus webgunean sartu eta datorren udaberrian biziko dugun esperientziaren parte izateko.






































































