Loraldiak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eta esku-hartze gida aurkeztu ditu

Loraldiak urrats sendo bat eman du indarkeria matxistaren prebentzioan eta erantzunean, ekitaldi eta jarduera guztietan segurtasuna eta errespetua bermatzeko helburuarekin. Horretarako, Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokoloa eta Esku-hartze Gida sortu ditu. Dokumentu hauek Loraldia osatzen duten profesional, parte-hartzaile eta ikusleen eskura egongo dira, eta matxismoaren aurrean erantzun argia eta zehatza eskaintzea dute helburu.


Zergatik protokolo hau?

Loraldian argi dugu kultura eta artea espazio seguruetan garatu behar direla. Loraldiak jarrera aktiboa hartzen du jazarpen eta indarkeria matxista mota guztien aurrean, eta prebentzioa, sentsibilizazioa eta esku-hartzea ardatz hartuta, protokolo sendo bat garatu du.

Dokumentu hau Loraldiaren ekitaldi eta ekintza guztietan aplikatuko da, eta parte-hartzaile, ikusle zein antolakuntza taldeko kide guztiek ezagutu eta bete beharko dute.


Protokoloaren ardatz nagusiak

  • Prebentzioa: indarkeria matxista saihesteko sentsibilizazio kanpainak, informazio-materialak eta Loraldiako arduradunen identifikazioa.
  • Esku-hartzea: eraso bat gertatuz gero, erantzun azkar eta eraginkorra bermatzeko jarduera-protokoloa.
  • Laguntza eta informazioa: biktimentzako arreta, laguntza psikologikoa eta zerbitzu espezializatuen informazioa.


Loraldia, eremu segurua

Loraldiak konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean zero tolerantzia bermatzeko. Horregatik, antolatzen dituen ekintza eta ekitaldietan neurri hauek hartuko dira, informazioa hedatuko da eta Loraldiako arduradunak modu ikusgarrian identifikatuta egongo dira, edozein gertaeraren aurrean laguntza eskaintzeko.

Protokoloa eta esku-hartze gida eskuragarri daude hemen: loraldia.eus/loraldia/indarkeria-matxistaren-aurkako-protokoloa