Loraldiak Hamaika Loraldia Festa egin du, bere komunitatearekin bat egiteko ekitaldia

Lorazainak, Loraldiaren babesle eta kolaboratzaileak bildu ditu Loraldiak Kafe Antzokian egindako ekitaldi honetan. 2024an zehar bideratutako ekimen eta egindako ekintzen berri emateaz gain, Loraldiaren komunitateari 2025eko Loraldia Festibalaren zertzelada nagusiak aurkeztu zaizkio. Eta, honekin batera, emanaldietarako sarreren salmentari hasiera eman zaio.
Abenduaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian, Hamaika Loraldia Festa ospatu da, euskal kulturaren aldeko apustu irmoa erakusteko. Loraldia egitasmoak, euskaraz sortzen den kulturaren transmisioa, berrikuntza eta ikusgarritasuna sustatzeko konpromisoarekin, urteko lan ildo nagusiak eta etorkizuneko erronkak aurkeztu ditu festa berezi honetan.

 

Euskal kulturaren aldeko konpromisoa

Hamaika Loraldia Festa ez da ohiko aurkezpen bat, baizik eta euskarazko sormenaren eta kulturaren erakusleiho bat. Loraldiak 2024an zehar garatu dituen proiektuak eta etorkizuneko proposamenak ezagutarazteko balio du, betiere euskal kulturaren transmisioa eta berrikuntza sustatzeko helburuarekin.
Ekitaldiak, gainera, euskal kulturaren alde lan egiten duten sortzaile eta eragileak biltzeko topagune gisa ere jardun du.

Kultura eta sormenaren topagunea

Ekitaldia iluntzean egin da, eta Loraldiko kideon azalpenak, ikus-entzunezko aurkezpenak musika eta dantza uztartu dituen programa aberatsa eskaini du. Loraldiaren 2024ko jarduera nagusien eta 2025eko Loraldia Festibalaren festibalaren 11. edizioaren berri eman da, ikus-entzunezko materialak eta azalpenak tartekatuz.

Hitzaldi eta aurkezpenen ostean, Ines Osinagak kontzertu berezia eskaini du, laukote formatoan: Ines Osinagak ahotsa jarri du eta trikitixa, panderoak eta sekuentziak jo ditu; Yaima Orozcok, koroak, gitarra akustikoa eta perkusio txikia eskaini ditu; Irina Gonzalezek, koroak, gitarra akustiko eta elektrikoa, melodika eta perkusio txikiak jo ditu; eta Garazi Egigurenek dantza egin du.
Taldeak musika eta dantzaren bidez euskal kulturaren tradizioa eta garaikidetasuna uztartu ditu, ikusleak giro artistiko paregabean murgilduz. ​

Loraldia Festibalaren 11. edizioaren aurkezpena

Loraldiak ekitaldi hau aprobetxatu nahi izan du Lorazainei Loraldia Festibalaren 11. edizioaren zertzelada nagusiak aurkezteko.
Martxoaren 10etik 30era bitartean egingo da eta, festibalean ohi den bezala, programazio artistikoak proposamen anitzak eskainiko ditu, diziplina ezberdinak uztartuko dira eta 100 sortzailetik gora bilduko ditu.
Lorazainei egindako aurkezpen honekin, loraldia.eus webgune berria aurkeztu zaie eta festibaleko ekintzetarako sarreren salmentari hasiera eman zaio.

Loraldia: Euskal kultura gaur eta etorkizunean

Loraldia egitasmoak, 2014an sortu zenetik, euskarazko kulturaren transmisioa eta garapena sustatzeko lanean dihardu. Hamaika Loraldia Festa Loraldiaren konpromiso horren erakusgarri da, eta aldi berean, euskal kulturaren ikusgarritasuna areagotzeko aukera paregabea eskaintzen du.