Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriagak bigarren edizioa ospatuko du, euskarazko kultura garaikidearen proposamen berriekin

  • Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriagak euskarazko kultur proposamen berrienak aurkeztuko ditu bere bigarren edizioan, irailaren 29tik urriaren 8ra bitartean.
  • Bi asteburutan askotariko musika proposamenak, dantza, antzerkia, bertsolaritza, literatura eta baita gastronomia ere ikusi ahal izango dira.
  • Loraldian ohikoa den bezala, sortzaile erreferenteak eta figura berriak izango ditugu. Besteak beste, Igor Elortza, Rafa Rueda, Aukeran Dantza Konpainia, La Basu, Olatz Salvador, Maialen Errotabehere eta Petti.

Gaur goizean aurkeztu da Arrigorriagan Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa. Bilboko Loraldia festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurbiltzen duen Loraldiaren kultur proposamena. Zaratamok eta Arrigorriagak bigarren urtez ospatuko dute jaialdia.

Aurkezpenean parte hartu dute: Maite Ibarrak, Arrigorriagako alkateak; Ainhoa Muerzak, Zaratamoko alkateordeak; eta Amaia Ocerinek, Loraldiko komunikazio arduradunak.

Loraldiak Loraldia festibala antolatzen du urtero Bilbon eta udaberrian, euskaraz sortutako kultura garaikidearen proposamen berritzaile eta gaurkoenak erakusten dituena.

Sustatzaileen helburua esperientzia horiek Euskal Herriko beste herri batzuetara hurbiltzeko aukera izatea izan da. Horrela, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga 2022an jaio zen Zaratamo eta Arrigorriagako udalen ekimenari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Iazko esperientzia arrakastatsuak jarraitzera bultzatu ditu.

Bi asteburutan zehar mota desberdinetako kultur adierazpenez gozatu ahal izango da bi herrietan.

Irailaren 29an, Zaratamon, eta urriaren 6tik 8ra, Arrigorriagan, herritarrek musikarekin, dantzarekin, literaturarekin, bertsolaritzarekin, antzerkiarekin eta gastronomiarekin lotutako proposamenez gozatzeko aukera izango dute.

Ekitaldiak bi herrietako hainbat gunetan banatuko dira, eta helburua Loraldia esperientzia bi herri horietako eta inguruko herritarrei hurbiltzea da.

Ohi bezala, euskaraz sortutako kulturaren erreferenteek eta eszenako artista berriek hartuko dute parte. Besteak beste, Igor Elortzak, Rafa Ruedak, Aukeran Dantza Konpainiak, La Basuk, Olatz Salvadorrek, Maialen Errotabeherek eta Pettik hartuko dute parte.

Maite Ibarrak, Arrigorriagako alkateak, adierazi duenez, “Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea”.

Ido berdinean, Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak azpimarratu nahi izan du “Loraldia Zaratamora heltzeak euskal kulturaren uzta berritzaileenak ezagutzera ematea suposatzen du eta gainera gure helburu estrategikoekin alor transbertsaletan bat egiteko aukera eskaini digu. Aurten, hor dugu Bozak kontzertua, emakume sortzaileen lana plazaratzea eta berdintasunean ekiteko adibidea”, esan du.

Eta Amaia Ocerinek, Loraldiako ordezkariak azaldu du: “Loraldia Plazarik Plaza! antolatzea  ez da soilik festibala bat ontzea edo kultur ekintzen programazio bat eskaintzea. Loraldiak egiten duen ekarpena euskal kultur garaikidearen alor anitzak ezagutaraztea da, balore batzuekin lotuta eta egiteko modu propio baten bidez”. 

Programazio artistikoa: sei ekitaldi bost egunetan eta bi herritan

Loraldia Plazarik Plaza! irailaren 29an hasiko da Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean, Bozak musika proposamen berritzailearekin. Gure abangoardia sortzailearen lau ahots: Olatz Salvador Gipuzkoatik dator kantu ederretan nahasteko; Maialen Errotabehere eta bere bluesa Lapurditik; Zaratamotik gertu La Basu eta bere proposamen raperoa bizi da; eta proposamen bikain hau osatzeko, Arrigorriagako Osterabe talde gaztea. Ezinbesteko kontzertua gure herriko musika sorkuntza berriez gozatzeko, emakume izenarekin.

Urriaren 6tik 8ra bitartean, ekitaldiak Arrigorriagara eramango dira.

Urriaren 6an bi ekitaldi izango ditugu Arrigorriagan.

Aukeran Dantza Konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Aiurri ikuskizuna aurkeztuko du. Mugimendura zabaltzeko proposamena, dantza, alegia. Xabi Aburruzagaren musika duen koreografia ederra.

Ondoren, jaialdia Lonbo aretora joango da eta bertan Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan aurkeztuko dugu. Antzerkia, musika eta arte bisuala uztartzen dituen Loraldiaren ekoizpena, Eulalia Abaitua lehen euskal argazkilariaren irudia gogoratzeko. Artista emankorra, gaur egun gure ikusizko memoria dena sortu zuena eta nor garen ulertzen laguntzen diguna.

Eszenan, Lide Hernando eta Maria Urcelay, Alphaxen ikusizko sorkuntzekin eta Getari Etxegarairen zuzendaritzarekin.

Urriaren 7an, larunbatarekin, eta Lonbo aretoan berriro ere, Igor Elortza bertsolariak Rafa Ruedak Anonyme Popular aurkeztuko dute, Igor Elortzaren proposamen berritzaile eta berria, rap, trap, pop, funky, munduko erritmoetan murgilduko gaituena.

Eta igandean, urriak 8, bi ekitaldi izango ditugu.

Goizari hasiera emateko, Frankenstein agurgarria ikuskizuna eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak. Errezitaldi eta performance musikala da, zientzia eta musika uztartzen dituen esperientzia berri batean murgildu nahi gaituena. Ana Galarraga zientzialari eta dibulgatzaileak, Petti musikari nafarrarekin batera, zientziaren mugetako hausnarketa etiko eta feministatik gidatuko gaitu.

Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriagak Txin-txin txakolin eta gazta dastaketa batekin agurtuko du bere bigarren edizioa, Mikel Garaizabalen eskutik, Euskal Herriko sommelier onenetakoa. Berak eramango gaitu ardoaren mundutik eta bi txakolin ezberdin eta bi gazta probatuko ditugu.