Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga bigarren urtez burutuko da udazkena hasieran

  • Aurreko urteko esperientzia ona izanda, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga  bigarren urtez egingo da udazkenean. 
  • Irailaren 29an hasiko da Zaratamon eta urriaren 6tik 8ra bitartean Arrigorriagan egingo da. 
  • Aurten ere denetarik izango da programazioan: musika, dantza, teatroa, bertsolaritza eta gastronomia. 

Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga bigarrenez egingo da aurten, irailaren 29a eta urriaren 8aren artean. Arrigorriaga eta Zaratamoko udalak dira antolatzaileak eta iazko esperientzia pilotoaren emaitza ona baloratuta, bigarrenez egitea erabaki da.
Loraldiak sustatzen duen ekimena da eta Bilbon egiten den festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurbiltzen duen Loraldiaren kultur proposamenaz osatzen da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka ekimenak. 

Euskal kultura garaikidearen diziplina ezberdinetako proposamenak bi herrietara hurbiltzea da festibalaren helburua eta aurten ere anitza izango da eskaintza: musika, teatroa, dantza, bertsolaritza eta gastronomia izango dira.

Gure kulturan erreferenteak diren sortzaileek osatuko dute sei ekintza ezberdinez jantzitako programazioa, besteak beste: Olatz Salvador, La Basu, Osterabe, Lide Hernando, Aukeran Dantza Konpainia, Igor Elortza, Rafa Rueda eta Petti. 

Loraldiaren helburuen artean kokatzen dira emakume sortzaileei eta tokian tokiko sortzaile berriei plaza eskaintzea. Eta Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriagan aukera izango dugu estilo ezberdinak jorratzen dituzten emakume musikarien kontzertu batez gozatzeko. Honetan, gainera, Arrigorriagako musika talde batek parte hartuko du.

Zaratamoko kultur etxea eta Arrigorriagako espazio eta areto ezberdinetan egingo dira ekintza guztiak.

Irailaren erdialdean aurkeztuko da programazio osoa, baina datak eta ekintzak badaude finkatuta.