Loraldia Plaza Zaratamo Arrigorriaga kultur festibalak hirugarren edizioa ospatu du aurten bi herri horietako hainbat espaziotan, euskal kulturaren hainbat diziplina ardatz hartuta. Festibala, etorkizuneko inbertsioa eta euskararen sormen garaikidearen erakusleiho izanik, urriaren 18tik 27ra bitartean ospatu da eta emozio, arte eta sormenez betetako astea izan da.
Aurtengo edizioak zazpi jardunaldi izan ditu bi herrietan, eta guztira ia 500 ikusle bildu dira musika, literatura, bertsolaritza, dantza garaikidea, gastronomia, spoken-word eta kabareta barne hartzen dituzten ekitaldietan. Gune nagusiak Lonbo Aretoa, Arkotxako eliza eta Abusuko Kultur Etxea izan dira.
Emaitza artistikoak eta hunkidurak
Jaialdiaren lehen jardunaldian, Maite Larbururen kontzertuak eta Artizarra taldearekin elkarrekin egindako kantuek hunkitu egin zituzten ikusleak, eta Zuberoako kantu liluragarriek bihotzak ukitu zituzten. Arrigorriagan, berriz, bertsolaritza eta mendizaletasuna uztartzen dituen “Izarrak eta Haitzak” ikuskizuna izan zen protagonista, Karlos Aretxabaletaren eskutik.
Emakumeen bizitzak eta aldarrikapenak “Lau Eme” dantza garaikidearekin ekarri ziren agertokira Abusuko Kultur Etxean. Bestalde, igandean, Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak heriotzaren eta indarkeriaren inguruko kontakizun musikatuak aurkeztu zituzten “Odola kantari” emanaldian.
Festibalaren ekarpenak
Euskararen etorkizunean inbertitzea
Segi dezagun mundu berri bat sortzen euskaratik eta euskaraz. Herrigintzan ari gara eta lotzen gaituena euskara da. Loraldia inbertsioa eta inmertsioa da. Etorkizuna eraikitzen duen inbertsioa alde batetik eta bestetik, euskararen sormen garaikidean murgiltzen den esperientzia da.
Mundu berriak deskubritzea
Batzuok Arkotxa deskubritu genuen aurtengoan. Baina leku fisikoak ezagutzeaz gainera, emozio munduak deskubritzen dugu festibalean zehar.
Jon Maiaren errelatoa funtsezkoa da gure narratiban. Euskal Herria B aldarrikatzen duen kontaketa ezinbestekoa baita etorkizuna eraikitzeko.
Zuberoa gerturatu dugu. Gurea baita eta tamalez gero eta urrunago sentitzen ote dugu. Munduko leku hori ezagutuz maitatu ahal izango dugu.
Emakumeen bizitza ikustaraztea
“Lau Eme” dantza garaikideak emakumeen bizitza aldarrikatu zuen. Maddi Oihenart eta Ihitz Iriart kantari zoragarriak tauletan aurkitu genituen. Dantza eta kanta gure nortasunaren isla dira. Gure emakumeen boza eta urratsa.
Bertoko sortzaileei plaza ematea
Arrigorriaga eta Zaratamo sortzaileen plaza izan nahi dugu. Bertoko sormena eremu profesional batean uztartzeko aukera. Horregatik Txapelen “Haitzak eta Izarrak” liburua ikuskizun bihurtu genuen, bertoko bertsolari, antzezle eta kantariekin. Maite Larbururekin batera aritu zen Artizarra Abesbatza eta hortik sekulako esperientzia hunkigarria sortu zen. OKM sormenaren alde lanean jarraituko dugu.