Loraldia Galesko National Eisteddfod jaialdian izango da, hizkuntza gutxituen arteko nazioarteko topaketan

Loraldia festibala honetan izango da, euskarazko kulturaren ordezkari gisa, Wales Arts International erakundeak sustatutako Gwrando programaren baitan, munduko hizkuntza gutxituetako jaialdi, sortzaile eta kultur eragileekin batera.

 

 

Loraldia Galesko National Eisteddfod jaialdian izango da uda honetan, Wales Arts International erakundeak egindako gonbidapenari esker

National Eisteddfod Galesko kultur jaialdi historiko eta garrantzitsuenetako bat da. Europako jaialdi ibiltari zaharrenetako bat izateaz gain, hizkuntza gutxitu batean, galeseraz, egiten den munduko kultur jaialdi handienetako bat da. Urtero milaka lagun biltzen ditu eta kulturaren, hizkuntzaren, sormenaren eta komunitatearen arteko harreman bizia erakusten du.

Aurtengo edizioak esanahi berezia izango du, jaialdiaren 850. urteurrena ospatuko baita. Testuinguru horretan, Wales Arts International erakundeak nazioarteko ordezkaritza bat gonbidatu du: hizkuntza gutxituetan eta hizkuntza indigenetan lan egiten duten jaialdi antolatzaileak, kultur eragileak, artistak eta hizkuntza transmisioan diharduten profesionalak bilduko dira Galesen.

Topaketa hau Gwrando (Listening) programaren baitan antolatu da. Programa horrek Nazio Batuen Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadaren markoan egiten du lan, eta helburu du hizkuntza gutxituen biziberritzean arteek eta kulturak duten zeregina aztertzea, esperientziak partekatzea eta nazioarteko harreman sare egonkor bat sortzea.

 

Wales Arts International 

Wales Arts International Galesko Arts Council of Wales erakundearen nazioarteko agentzia da. Bere lana Galesko arte eta kultur eragileak munduko beste testuinguru batzuekin konektatzea da, lankidetza artistikoak, proiektuak, sareak eta kultur trukeak sustatuz. Oraingoan, National Eisteddfod jaialdiaren testuingurua baliatuko du hizkuntza gutxituen inguruko elkarrizketa global bat indartzeko.

 

Zergatik Loraldia

Loraldia euskaraz sortzen den kulturaren garapena, transmisioa, berrikuntza, ikusgarritasuna eta profesionalizazioa sustatzen dituen egitasmoa da. Zazpi lan-lerro ditu, eta horietako bat Loraldia Festibala da: Bilbon, udaberriaren hasieran, hiru astez ospatzen den diziplina anitzeko jaialdia, gaur egungo euskarazko sorkuntzaren erakusleiho nagusietako bat.

Loraldiarentzat Galesko gonbidapen hau aukera estrategikoa da. Batetik, euskaraz sortzen den kulturaren esperientzia nazioarteko testuinguru batean partekatzeko aukera emango du; bestetik, beste hizkuntza gutxitu batzuetako jaialdi eta kultur eragileekin harremanak lantzeko bidea irekiko du.

Amaia Ocerin, Loraldiako komunikazio arduraduna, izango da egitasmoaren ordezkaria nazioarteko topaketa honetan. Eta egonaldiaren barruan National Eisteddfod jaialdiaren ekitaldi nagusiak, jardunaldiak eta kultur programazioa ezagutuko ditu. Era berean, nazioarteko beste ordezkariekin batera hizkuntza transmisioaz, kultur sorkuntzaz, kontakizunaz, musikaz eta nazioarteko truke artistikoaz hausnartzeko saioetan parte hartuko du.

Programaren ezaugarri nagusietako bat harreman pertsonalizatuen lanketa izango da. Ordezkariek tokiko “ffrind” edo lagun baten laguntza izango dute, bakoitzaren interesekin bat datozen artistak, erakundeak eta komunitateak ezagutzeko. Helburua ez da bisita instituzional hutsa egitea, baizik eta etorkizunean jarraipena izan dezaketen harreman esanguratsuak sortzea.

Loraldiarentzat gonbidapen hau aitortza bat da, baina batez ere aukera bat: euskaraz sortzen den kulturaren esperientzia partekatzeko, beste hizkuntza gutxitu batzuen errealitateak ezagutzeko eta etorkizuneko lankidetza posibleak lantzeko. Galesek erakusten du hizkuntza baten transmisioa kulturaren, komunitatearen eta sormenaren bidez indartu daitekeela. Eta ikuspegi hori oso hurbilekoa zaigu”, adierazi du Amaia Ocerinek.

Galesko egonaldiaren bidez, Loraldiak urrats berri bat emango du euskarazko kulturaren nazioarteko proiekzioan. Loraldia Festibalaren esperientziatik abiatuta, helburua da beste kultura gutxitu batzuekin elkarrizketa irekitzea, artisten arteko trukeak aztertzea eta etorkizunean proiektu bateratuak garatzeko aukerak ikertzea.

National Eisteddfod

National Eisteddfod Galesko kultur jaialdi historiko eta garrantzitsuenetako bat da. Galeseraz egiten den jaialdi ibiltaria da, eta hizkuntza, sormena eta komunitatea uztartzen ditu. Aurtengo edizioan 850. urteurrena ospatuko du, eta testuinguru horretan hizkuntza gutxituen inguruko nazioarteko topaketa berezia hartuko du.

 

Gwrando

Gwrando (Listening) Wales Arts International erakundearen nazioarteko truke programa da. Nazio Batuen Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadaren testuinguruan garatzen da, eta hizkuntza gutxituetan eta hizkuntza indigenetan lan egiten duten artistak, kultur eragileak eta erakundeak biltzen ditu. Bere helburua da esperientziak partekatzea, nazioarteko lankidetzak eraikitzea eta arteek hizkuntzen transmisioan duten rola aztertzea.