Loraldia Festibalaren 11. edizioaren amaiera: sortzaileen indarra eta publikoaren erantzun bikaina

  • Loraldia sendotu da: Festibalak euskal sormenaren ekosistema emankor eta oparoa eskaini du, erreferente eta gazte sortzaile berrien arteko topagune bihurtuz.
  • Publikoaren eta Lorazainen hazkundea: inoiz baino ikusle gehiago bildu dira ekitaldietan, eta komunitatea sendotuz, Lorazain kopurua ere nabarmen igo da.
  • Sormenaren eta kultur elkarguneen indarra: euskaltasunetik, Loraldia etorkizun posibleak irudikatzeko eta eraikitzeko gunea izan da, testuinguru global batean euskal kultura aldarrikatuz eta beste kultura batzuekiko zubiak irekiz.

 

Loraldia Festibalaren hamaikagarren edizioak argi eta garbi utzi du euskal kulturaren sormena inoiz baino biziago dagoela. Publikoaren erantzuna bikaina izan da: aurten, ikusleen kopuruak gora egin du nabarmen, eta Lorazain komunitatea inoiz baino indartsuago agertu da. 

Euskal sormen garaikidearen topagune bihurtu da Bilbo, eta Loraldia jada ezinbesteko hitzordu bilakatu da euskal kulturzaleentzat.

19 eguneko jarduera biziaren ondoren, Loraldia Festibala 2025ek orain arteko ediziorik arrakastatsuena itxi du. Jaialdia euskal kultura eta sorkuntzarako topagunea izan da, kalitate artistikoaren, proposamenen aniztasunaren eta publiko berrien belaunaldiaren aldeko apustua eginez. Ikusleen harrera bikaina izan da, antzokiak eta kultur guneak betez eta proiektu hau babesten duen komunitatea indartuz.

 

Kalitate artistikoa, aniztasuna eta oreka oinarri

2025eko Loraldia Festibalean guztira 141 artistak parte hartu dute, eta horien %41 emakumeak izan dira, euskal kulturaren eremuan genero-oreka sustatzeko apustua eginez. 

Lurraldekotasuna da Loraldiak zaintzen duen beste irizpidetako bat eta edizio honetan Euskal Herri osoko sormen eta sortzaile izan ditugu, %24 bizkaitarrak,  %45 gipuzkoarrak, %6 arabarrak, %7 nafartarrak eta %12 iparraldetarrak.
Edizio honetan, gainera, Loraldiak beste kultura batzuekin zubiak eraikitzeari ekin dio modu publikoan ere bat. Eta, horrela, parte-hartzaileen %6 Euskal Herritik kanpokoak izan dira, besteak beste, Quebec eta Kataluniatik etorriak. 

 

Sormenaren zabalkundea: esperimentaziotik tradiziora

Edizio honetan, diziplina artistiko anitzek bat egin dute: musika, antzerkia, literatura, bertsolaritza, performance, dantza eta ikus-entzunezko sorkuntza. Programazioak ikusleen interesa piztu ez ezik, esperimentaziorako eta berrikuntzarako gune aparta ere eskaini du. Hain zuzen ere, Loraldia Festibalaren nortasunaren parte da tradizioa eta abangoardia uztartzea, eta aurten ere helburu horri eutsi diogu.

 

Euskal kulturaren erronkak eta etorkizuna

Loraldia ez da soilik festibala; kultur mugimendu bat da, euskal sormenaren aldeko jarrera aktiboa aldarrikatzen duena. Aurtengo datuek erakusten dute euskal kultura eta sorkuntza bizirik daudela, baina etorkizunerako erronkak ere baditugu: belaunaldi berrien inplikazioa areagotzea, sormenaren zirkuituak sendotzea eta nazioarteko harremanak sakontzea.

 

Publikoaren eta Lorazainen babesa inoizko handiena

Aurtengo edizioan 5.000 ikusletik gora bildu dira Loraldia Festibalean, aurreko urteko datuak gaindituz, beste behin ere aurreko edizioetako markak hautsiz, eta Bilboko hainbat gune bete-bete eginez. 

Bestalde, Lorazain komunitateak ere hazkunde handia izan du: 4.000 lagunetik gora dira dagoeneko euskal kulturaren aldeko babes aktiboa ematen dutenak. Haien laguntza funtsezkoa izan da festibalaren arrakasta bermatzeko, eta komunitate horren indarrak Loraldia proiektuaren etorkizuna sendotu du.

 

Eskerrik beroenak gure babesleei eta laguntzaileei

Eskerrik asko publikoari, Lorazainei, artistak, aretoak, babesleak eta eragile guztiak, Loraldia Festibala posible egiten duzuen guztioi. Sormenak eta euskal kulturak etorkizuna badute, zuek hor zaudetelako da. 

Loraldia Festibalak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntza du.

Hamaikagarren edizioan gure lau babesle nagusiak izan dira Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa.

Hauetaz gain, beste eragile eta erakunde batzuen laguntza izan dugu.

Euskal Kultur Erakundearekin lotutako hitzarmenari esker, Iparraldeko proposamenak Bilbora ekartzeko aukera du Loraldiak. Elkar Fundazioaren laguntza izan du literatur aurkezpenak egiteko. Berria egunkariak eta NAIZek ekintza bana babestu dute. Eta, urtero bezala, Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren babesa izan dugu. KOT markaren laguntza jaso dugu aurten.

Eta euskal hedabide ugarik bat egiten dute Loraldiarekin, ekintzak eta sortzaileen lanak hedatzeko: Berria, Gara/Naiz, Deia, Kmon, Bilboko Uriola, Hiruka, Anboto, Aikor, Aiaraldea, Begitu, Argia, Radio Euskadi, Euskadi irratia, Euskadi Gaztea, Naiz irratia, Bilbo Hiria irratia eta Bizkaia irratia.

 

Hurrengo urtean ere, euskal kultura loratzen jarraituko dugu!