- Ekainaren 23tik 26ra, Lekeitioko Sormen Asteak euskarazko kultura garaikidea eskainiko du, formatu txikian eta diziplina anitzeko egitarauarekin.
- Aldi berean, Udako Sormen-egonaldiak gazte sortzaileei laguntza eta tutoretza eskainiko dizkie beren proiektuak garatzeko.
- Loraldiaren apustua euskal kultura sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztea da.
Loraldiak bi proiektu garrantzitsu jarriko ditu martxan ekainaren 23tik 26ra Lekeition, euskarazko sormena eta kultura garaikidea sustatzeko helburuarekin. Batetik, Lekeitioko Sormen Asteak egitarau artistiko eta kultural berritzailea eskainiko du laugarrenez, formatu txikian.
Bestetik, Udako Sormen-egonaldiak gazte sortzaileei topagune eta lan-eremu egokia eskainiko die, artista ezagunen tutoretzapean.
Bi ekimenek bat egiten dute datetan eta euskarazko kulturaren garapenean duten garrantzian.
Lekeitioko Sormen Astea: euskara sormenaren erdigunean
Lekeitioko Sormen Asteak ekainaren 23tik 26ra bitartean, euskarazko kultura garaikidea eta berritzailea izango du ardatz. Bertan, musika, teatroa, ikus-entzunezkoak, literatura, dantza eta esperientzia digitalak uztartuko dira, herriko hainbat txokotan.
Astean zehar, egunero jarduera bat eskainiko da, eta emanaldiaren ondoren, sortzaileekin solasaldia egiteko aukera izango da. Honako hauek dira egitarauko jarduerak:
Ekainak 23: Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrikaren “HITZAURREA” esperientzia digitala.
| Ekainaren 23an, astelehenarekin | |
| HITZAURREA
Esperientzia digitala PISZIFAKTORIA IDEIEN LABORATEGIA ETA FIKZIO FABRIKA |
|
| NON | Kalerik kale. Abiapuntua: Plaza |
| ORDUA | 20:00 |
| ZER / IRAUPENA | Ibilbidea bakarka / 70 min |
| SARRERA | doan |
| OHARRA | Ekarri telefono mugikorra eta aurikularrak |
Inoiz pentsatu al duzu nolakoa izango den etorkizuna? Are etorkizunik izango ote den? Guk ere bai. Baina, zuk bezala, guk ere ez daukagu erantzun argirik.
Horregatik, soinu-esperientzia digital hau ez da etorkizunari buruzkoa. Edo, beharbada, bai. Gaurko urratsek sortuko dituztelako biharko bide berriak.
Egunero erabiltzen duzun mugikorra eta aurikularrak baino ez dituzu behar. Eta denbora, zure herritik paseatzeko. Esperientzia hau, funtsean, oinez gertatzen den jolas bat delako. Zure erabakien mende dagoen banakako ibilaldi bat.
Ongi etorri orainaldira. Ongi etorri etorkizunaren hitzaurrera.
Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren irabazlea den proiektuaren estreinaldia da. Piszifaktoria ideien laborategiak eta Fikzio Fabrikak ibilbide erreal bat proposatzen digute kaleetan barna. Plazatik abiatuko gara eta norbera telefono mugikorra eta aurikularrak erabiliz, istorio baten barnean murgilduko da. Gure erabakien arabera, alde batetik edo bestera joango den istorioa.
*Emanaldia bukatutakoan solasaldia izango da sortzaileekin.
Ekainak 24: Lide Hernando eta Maria Urcelay-ren “MIRA HADI. Eulalia Abaitua andre-begietan” antzezlana eta ikus-entzunezkoa.
| Ekainaren 24an, asteartearekin | |
MIRA HADI. Eulalia Abaitua andre-begietanLide Hernando eta Maria Urcelay |
|
| NON | Ikusgarri aretoa |
| ORDUA | 20:00 |
| ZER / IRAUPENA | Teatroa eta ikus-entzunezkoak / 70 min |
| SARRERA | 10€ (Lorazainak: 8€) |
Eulalia Abaitua gure lehen emakumezko argazkilaria izan zen. Ingalaterran ikasi omen zuen hasi berria zen artea eta Bilbora, bere hirira, ekarri zuen, XIX. mendearen bigarren erdialdean. Kamararekin islatu zituen pertsonak (hamaika emakume) eta paisajeak gure memoria dira. Irudi ezinbestekoak gure nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko.
Beraz, aitzindaria eta bidegile handia izan zen baina gaur egun oraindik ezezaguna da gure artean. Euskal kulturak zor dio onespena eta ezagutza. Horregatik, Loraldiak sustatu du ikuskizun hau. Aurretik, Anton Abbadia, Elkano edo Iparragirrerekin egin dugun bezala, Eulalia Abaitua sormen garaikide baten bidez eraman du tauletara.
Ikuskizunak hiru osagai ditu. Ikus entzunezkoen bidez Abaituaren argazkiak ezagutuko ditugu, teatro-kontaketak (María Urcelay) haren bizitza eta memoria osatuko du eta musikak (Lide Hernando) historia miresgarri honi soinu banda jarriko dio. Abaituaren ondarea lau haizetara hedatzeko sortua den ekoizpen garaikide bat.
*Emanaldia bukatutakoan solasaldia izango da sortzaileekin.
Ekainak 25: Ines Osinaga, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egigurenen “ITSASOA DA BIDE BAKARRA” musika eta dantza emanaldia.
| Ekainaren 25ean, asteazkenarekin | |
ITSASOA DA BIDE BAKARRAINES OSINAGA, YAIMA OROZCO, IRINA GONZALEZ, GARAZI EGIGUREN |
|
| NON | Ikusgarri aretoa |
| ORDUA | 20:00 |
| ZER / IRAUPENA | musika eta dantza / 75 min |
| SARRERA | 10€ (Lorazainak 8€) |
Ines Osinagaren proiektu pertsonalena (eta kolektiboena ere bai) izan den #itsasoadabidebakarra emanaldiaren formatu intimoa da “Ines Osinaga eta Ahizpak”.
Irrintziak eta regetoia, latin jazza eta guajira-sustraiak, son kubatarra, kalejirak, erritmo afroa eta koplak ditugu osagai saski musikalean.
Irina Gonzalez (Kuba), Yaima Orozco (Kuba) eta Garazi Egiguren (Euskal Herria) izango ditu lagun Ines Osinagak eszenan.
Gure amonak gogoraraziko dizkigute eta dantzatzeko gogoa piztuko diete gure alabei. Perkusioak, trikitixak, panderetak, dantzak, beat elektronikoak, gitarrak, ukeleleak eta haizezko instrumentuak erabiliko dituzte ahizpek. Autotune aurreratuenetik hiru ahotsetako harmonizazioetara.
Proposatzen duten bidaian, itsasoan bezala, intentsitate handiko gorabeherak biziko ditugu. Negar, barre eta dantza egiteko gogoa sentiaraziko digute lau emakume hauek, baita geure buruari begiratzekoa ere.
* Emanaldian sortzailearekin izango dugu solasaldi txiki bat.
Ekainak 26: Ana Galarraga eta Pettiren “FRANKENSTEIN AGURGARRIA” literatura eta musika ikuskizuna, Miren Agur Meaberen parte-hartzearekin.
| Ekainaren 26an, ostegunarekin | |
FRANKENSTEIN AGURGARRIAAna Galarraga eta Petti. Gonbidatua: Miren Agur Meabe |
|
| NON | Azkue Aretoa |
| ORDUA | 20:00 |
| ZER / IRAUPENA | literatura eta musika / 70 min |
| SARRERA | 8€ (Lorazainak 5€) |
Errezitaldi eta performance musikatu honen bidez esperientzia berri batean dzanga egingo dugu. Zientzia eta musika uztartzen dituen eremuan izango gara. Hartu Frankenstein liburua (Mary Shelley, 1818). Atera erraiak. Nahasi esperimentu zientifikoekin, Despentesen pentsamenduarekin, lurpeko gorpuekin eta bihotz usteldu gabeekin. Gehitu etika eta astindu feminismoarekin. Jantzi Pettiren musikarekin. Entzun Ana Galarragaren eta bien ahots eta gorputzetatik.
Frankenstein agurgarria gutun baten irakurketa performatiboa da. Victor Frankensteini zuzendutako gutunarena, zehazki. Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzaile eta kultura-zaleak sortu du testua, kezka zientifiko, etiko, feministak eta literarioak txirikordatuz, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ahots eta doinuen laguntzarekin errezitatzen du.
Zein dira zientziaren mugak? Aurreikusi gabeko ondorioak daudenean, norena da ardura? Zer pisu dute, oraindik, erruak eta damuak? Zergatik ukatzen zaio aitortza Mary Shelleyri? Lurpera liteke iragana? Nor da munstroa?
* Emanaldia bukatutakoan solasaldia izango da.
Ekintzetarako sarrerak salmentan
Programazio anitza honetan badaude hamaika aukera. Ekintza batzuen sarrera doakoa da eta beste zenbaitetan aurretiaz sarrera atera behar da. Lorazainek, Loraldiaren komunitateko kideek, deskontuak izango dituzte sarreren erosketan.
Sarrerak 5€ eta 10€ arteko kostua daukate eta dagoeneko badaude loraldia.eus webgunean salmentan.
Loraldiak antolatutako ekimena da, Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesletzarekin, eta NAIZ eta DANOBAT direla laguntzaile.
Udako Sormen-egonaldiak: gazte talentuari bultzada
Loraldiaren Udako Sormen-egonaldiak ekainaren 23tik 26ra bitartean egingo dira Lekeition. Bertan, 7 proiektu hautatu dira, guztira 19 gazte sortzaileren parte-hartzearekin.
Egonaldiak espazioa, denbora eta tutoretza profesionala eskainiko dizkie parte-hartzaileei, beren sormen-proiektuak garatu ahal izateko.
Tutoretza talde bakoitzeko eragileentzat erreferente diren sortzaileek eskainiko dituzte. Besteak beste, Izarok eta Ines Osinagak edota Hortzmuga kale antzerki konpainiak eskainiko diete laguntza sortzaile gazte hauei.
Lau egun hauetan, diziplina ezberdinetako sormen berriei hastapena emateko aukera izango dute gazteek.
Hautatutako proiektuak honako hauek dira, lantzen dituzten diziplinekin batera:
- Irhitzi – Maddi Etxeberria (Musika – Literatura)
- Zitekeenaren galdera batzuk – Gari Arambarri (Ikus-entzunezkoa – Gidoigintza)
- Ibiltariak kaleetan zehar – Oier Agirre, Maite Gandia, Nerea Sanz eta Hekthor Briñas / Folk (Kale antzerkia – Musika – Performancea)
- Harremanak – Lide Arrieta eta Noa Andueza (Literatura)
- Amultsuki – Joane Zarragoitia, Antia Lopez eta Jone Muruzabal (Musika)
- Ximurrak – Gontzal Royuela (Teatroa – Dramaturgia)
- Bertikaltasunetik haratago – Nora Urdanpilleta, Markel Urrestarazu, Pino de Pablos, Nerea Sanz eta Aritz Castillo (Teatroa – Dantza – Performancea)
Sormen-egonaldiak diziplina anitzeko gazte sortzaileen sormen-prozesuak bultzatzea du helburu.
Ekimen hau Loraldiaren eskutik dator, eta Lekeitioko Udalak, NAIZ irratiak, Laboral Kutxak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute.