- Maiatzaren 28tik ekainaren 10era bitartean, Loraldia Eskolako bost emanaldi eskainiko dira Durangon, Bilbon eta Igorren.
- 231 ikaslek parte hartuko dute ikasturte osoan zehar ikastetxeetan garatutako sormen-prozesuen azken emaitzetan.
- Loraldia Eskolak euskarazko kultura garaikidea hezkuntza-komunitatera eramaten du, transmisioa, sormena, ahozko eta gorputz adierazpena, elkarlana eta euskararen erabilera sustatzeko.
Loraldia Eskolak ikasturte amaierako emanaldiak aurkeztuko ditu datozen asteetan. Maiatzaren 28tik ekainaren 10era bitartean, ikastetxe ezberdinetako ikasleek ikasturte osoan zehar landutako sormen-proiektuen emaitza partekatuko dute euren komunitateekin eta publikoarekin.
Emanaldi hauek ez dira ikasturte bukaerako jarduera hutsak. Loraldia Eskolaren lanaren erakusgarri dira: euskaraz sortutako kultura garaikidea haur eta gazteen eguneroko hezkuntza-esperientzian txertatzeko modu bat. Ikasleek, Loraldia Eskolako hezitzaile baten laguntzarekin, prozesu oso bat garatu dute ikastetxeetan: kultur diziplina ezberdinak ezagutu, sormena landu, taldean aritu, euskaraz adierazi eta, azkenik, oholtzara eramango duten proposamen artistiko bat osatu dute.
Loraldia Eskolaren helburua da euskaraz garatutako kultura garaikidea transmititzea eta ezagutzera ematea, haur hezkuntzatik batxilergora arteko ikasleen artean, hezkuntza curriculumean txertatutako proiektuen bidez. 2026-2027 ikasturterako zazpi egitasmo eskaintzen ditu, hartzaile eta helburu ezberdinei egokituta.
Proiektuek hainbat helburu lantzen dituzte: euskararen erabilera sustatzea, sormena suspertzea, euskal kulturarekiko atxikimendua indartzea, ahozko eta gorputz adierazpena lantzea, kultur diziplinak ezagutu eta praktikatzea, elkarlana bultzatzea eta kulturartekotasuna zein aniztasuna lantzea.
Bost emanaldi, bost sormen-prozesu
Aurtengo ikasturte amaierako emanaldietan Durangoko Sanantonio Ikastetxea eta Durango BHI, Bilboko Urretxindorra Ikastola eta Inazio Zubizarreta Igorreko Eskola arituko dira. Guztira, 231 ikaslek parte hartuko dute, LH5, LH6 eta DBH4 mailetako taldeekin.
Maiatzak 28, Durango
Kamara Sartu Durango
Durango BHI — DBH4
Durango BHIko DBH4ko ikasleek Kamara Sartu Durango proiektuen aurkezpena egingo dute. Proiektu honetan, ikus-entzunezko lengoaia eta sormena lantzen dira, ikasleek euren begiradatik abiatuta kontakizunak sortzeko aukera izan dezaten.
Ekainak 2, Durango
Bidelagunak
Sanantonio Ikastetxea — LH5
17:30 | San Agustin Kulturgunea
Sanantonio Ikastetxeko LH5eko ikasleek Bidelagunak lana eskainiko dute. Sonia Villamor gidoilariaren proposamenetik abiatuta, bizitzako lehen udaleku esperientziaren aurrean gazte batengan sortzen diren beldurrak eta irudimenak irekitzen dituen mundu zirraragarriak izango dituzte ardatz. Laguntasunari eta besoak zabalik itxaroteari buruzko bidaia magiko bat izango da.
Ekainak 2, Durango
Xabier Amuriza Pastorala
Sanantonio Ikastetxea — DBH4
18:30 | San Agustin Kulturgunea
Egun berean, Sanantonio Ikastetxeko DBH4ko ikasleek Xabier Amuriza Pastorala aurkeztuko dute. Xabier Amurizari egindako omenaldi xumea izango da, Zamorako kartzelan preso egon zeneko amets batetik abiatuta. Bizitza, kultura, sorkuntza, adierazpideak eta garai berrietara egokitzeko beharra izango dira lanaren ardatz nagusiak.
Ekainak 3, Bilbo
Hegalak astinduz
Urretxindorra Ikastola — LH6
18:00 | Campos Antzokia
Urretxindorra Ikastolako LH6ko ikasleek Hegalak astinduz antzezlana eskainiko dute. Askatasunaren inguruko hiru istorio labur biltzen ditu lanak. Pertsonaiek euren herriak uztera behartuta ikusiko dute euren burua, biziraupenak, duintasunak edo etorkizun hobe baten bilaketak bultzatuta. Beldurra eta itxaropena uztartuz, askatasunaren benetako esanahiari buruzko gogoeta egingo dute.
Ekainak 10, Igorre
Bidelagunak
Inazio Zubizarreta Igorreko Eskola — LH5
16:00 | Lasarte Aretoa
Inazio Zubizarreta Igorreko Eskolako LH5eko ikasleek ere Bidelagunak lana aurkeztuko dute. Laguntasunera egindako bidaia magiko baten bidez, ikasleek irudimena, beldurrak, emozioak eta talde-lana eramango dituzte oholtzara.
Kultur transmisioa bizipen bihurtuta
Loraldia Eskolak urte osoan garatzen duen lana funtsezkoa da euskal kulturaren transmisioari begira. Proiektuak ez dira soilik edukiak jasotzeko espazioak: ikasleek sortzaile bihurtzeko aukera dute, euren gorputza, ahotsa, irudimena eta hizkuntza erabiliz.
Horregatik, emanaldi hauek prozesu baten azken geltokia dira, baina baita hasiera bat ere: haur eta gazteek euskarazko kulturarekin harreman aktiboa, bizia eta garaikidea eraikitzeko aukera dute. Kultura ez dute kanpotik jasotzen; barrutik lantzen dute, euren esperientzietatik eta euren talde-dinamiketatik abiatuta.
Loraldia Eskolaren bidez, Loraldiak euskal kulturaren transmisioan eragiten jarraitzen du, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean eta gaurko ikasleak biharko euskal kulturaren parte aktibo izango direla sinetsita.