- Hazkundea eta sendotzea: iazko edizio pilotu arrakastatsuaren ondoren, Iruñaldia azaroaren 9tik 15era itzuliko da, Nafarroako Gobernuaren babesarekin eta asmo handiko egitarauarekin.
- Sorkuntza ugaria eta anitza: Iruñaldiak diziplina anitzeko ikuspegia du, euskal kulturako erreferente handiak eta sortzaile berrien proposamen berritzaileak uztartuz, gustu guztietarako proposamenekin.
- Ikimilikiliklik lanaren estreinaldi nagusia: Loraldiaren ekoizpen berria, “Ikimilikiliklik”, jaialdiaren baitan estreinatuko da; memoria eta abangoardia lotzen dituen ikuskizun paregabea.
Gaur goizean aurkeztu da Iruñeko Condestablen Iruñaldia kultur festibalaren bigarren edizioa, euskaraz sortzen diren proposamenik berritzaile eta zirraragarriak plazaratuko dituena, azaroaren 9tik 15era bitartean.
Iruñeko Udala eta Loraldia dira festibal honen antolatzaileak eta Euskarabideak eta Laboral Kutxak babesten dute. Gaurko aurkezpenean parte hartu dute Maider Belokik, Iruñeko Udaleko kultura zinegotziak; Javier Arakamak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak; Maitane Buenok, Laboral Kutxako Nafarroako Zona Burua; eta Amaia Ocerinek, Loraldiako komunikazio arduradunak.
Azaroaren 9tik 15era, Iruñeko kale, antzoki eta kultur guneak euskal sorkuntza garaikidearen taupada bizienaren erakusleiho bilakatuko dira. Iazko edizio pilotuaren arrakastak utzitako zimendu sendoen gainean, aurtengo jaialdiak jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emango du, bere burua Nafarroako kultur agendan ezinbesteko hitzordu gisa finkatzeko helburuarekin.
Aurtengo leloa, “Geroa gaur”, esaldi bat baino askoz gehiago da: gure printzipioen adierazpena eta gure lanaren iparrorratza da. Lelo honekin, euskal kulturaren etorkizuna ez dela iristeko dagoen zerbait aldarrikatzen dugu, baizik eta gaur, orain, gure ekintzen eta sorkuntzen bidez eraikitzen dugun errealitatea dela. “Geroa gaur” jarrera proaktiboa da, tradizioa modu pasiboan jaso beharrean, hura berritu, berrinterpretatu eta mundu garaikidearekin elkarrizketan jartzeko konpromisoa. Jaialdi bakoitza, ekoizpen bakoitza eta hezkuntza-proiektu bakoitza gaur landatzen dugun hazia da, biharko imajinario euskaldun aberats, anitz eta ausarta loratu dadin.
Eta “Grabitateari erronka” aurkezpeneko aldarrikapenarekin, jaialdiak bere asmoa argi erakusten du: Iruñea euskal kulturaren “indar erakarle” edo “grabitate-zentro” bilakatzea. Gure sustraiak eta erreferenteak ahaztu gabe, sorkuntza garaikidearen aldeko apustu irmoa egiten da, tradizioa eta abangoardia modu naturalean lotuz. Iruñaldiak inertziak hautsi eta euskara eta bere kultur adierazpenak espazio publikoaren erdigunean kokatu nahi ditu, modu ireki, moderno eta unibertsalean.
Programazioaren proposamen artistikoa jaialdiaren nortasunaren isla da. Batetik, diziplina aniztasuna da nagusi, musika, dantza, literatura, antzerkia, zirkoa, performancea, gastronomia eta esperientzia digitalak barne hartuz. Bestetik, belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzen du, euskal kulturako erreferente handien jakituria eta ibilbidea sortzaile berrien ahots ausart eta freskoekin elkartuz. Horrela, gustu eta sentsibilitate guztientzako egitarau orekatu eta erakargarria eskaintzen da.
Edizio honetako gailurretako bat “Ikimilikiliklik” ikuskizunaren erabateko estreinaldia izango da, Loraldiaren ekoizpen berriena. Proposamen artistiko honek euskal kulturaren memoria esperimentala berreskuratzen du, duela 50 urteko abangoardiako mugimenduekin elkarrizketa sortuz, baina gaur egungo lengoaia eszeniko eta teknologikoetatik. Publikoarentzat esperientzia murgiltzaile eta zirraragarria izango da, zalantzarik gabe.
Hazkunde hau ezinezkoa litzateke aliantza sare sendo bat gabe. Loraldiak eta Iruñeko Udalak antolatuta, jaialdiak pozarren iragartzen du aurten Nafarroako Gobernuaren lankidetza estrategikoa lortu duela, Euskarabidearen bitartez. Haiekin batera, Laboral Kutxa da babesle nagusia, eta ezinbestekoa da NAIZ, Karrikiri, Katakrak, Laba eta Geltoki bezalako eragileen laguntza, jaialdia hirian eta komunitatean errotzen laguntzen baitute.
Iruñaldia herritar guztiei zuzendutako gonbidapen irekia da, euskaldunei zein euskarazko kulturara modu natural eta gozagarrian hurbildu nahi duten guztiei. Jaialdian murgiltzera gonbidatzen zaituztegu, euskal kulturaren etorkizuna elkarrekin deskubritu, partekatu eta eraikitzeko.
Programazio artistikoaren lerro nagusiak
Iruñaldiaren programazioak 8 diziplina ezberdinetako 11 ekintzek osatzen dute. Eta Iruñeko espazio ezberdinetan gauzatuko da: Gayarre Antzokia, Karrikiri, Elkar, Katakrak, Condestable, Laba, Baluarte, Geltoki eta Iruñeko kaleetan.
Harreman (Zirkozaurre zirku konpainia): Azaroak 9 | 18:00 | Gayarre Antzokia | 10-15€ / Lorazainak 12€
Harremanen edertasuna eta konplexutasuna aztertzen dituen zirku garaikideko pieza. Akrobaziak, malabareak eta orekak zuzeneko euskal musika tradizionalaren indarrarekin uztartzen ditu.
“Lakioa”-ren aurkezpena (Josu Goikoetxea): Azaroak 10 | 19:00 | Elkar | Doan
Josu Goikoetxea idazleak bere azken nobela beltza aurkeztuko du, “Lakioa”. Heriotza susmagarri baten ikerketan murgiltzen gaituen lana da, kazetaritzaren krisiaz eta egiaren tranpez hausnartzen duen bitartean.
“Sabino Arana Iruñerriko Elkanon”-en aurkezpena (Eduardo Valencia): Azaroak 11 | 19:00 | Karrikiri | Doan
Eduardo Valenciak Navarro Villoslada 2024 Saria irabazi duen bere obra aurkeztuko du, Uxue Rey kazetariaren laguntzarekin. Historia-fikziozko komedia politiko burutsua da, bizikidetzari eta tolerantziari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen duena.
Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II) (Joseba Irazoki): Azaroak 12 | 20:00 | Katakrak | 10€ / Lorazainak 8€
Joseba Irazoki gitarrista polifazetikoak sailkaezina den soinu-esperimentazioko proposamen batean murgiltzen gaitu. Mikel Laboari keinu argi bat eginez, maisuaren ahots-onomatopeia ezagunak gitarraren “garrasi” hipnotiko eta zorabiagarri bihurtzen ditu.
Zakur bat Gaztelu plazan (Led Silhouette): Azaroak 13 | 19:00 | Laba | 8€ / Lorazainak 6€
Marcos Morau koreografoaren zuzendaritzapean, Led Silhouette konpainiak belaunaldi baten amorrua eta borroka katarsi bihurtzen duen dantza pieza indartsua dakar. Gorputza zaunka eta ezkutu gisa erabiliz, ziurgabetasunari aurre egiteko garrasi bat da.
SUKRAMARKUS (Mursego – Maite Arroitajauregi): Azaroak 13 | 20:30 | Condestable | Doan
Maite Arroitajauregik (Mursego) Markos Gimeno artistaren palindromoei bizitza berria ematen die musika, umorea eta irudimena uztartzen dituen performance batean. Hitzekin jolasteko eta artista handi bat omentzeko gonbidapen ludiko eta zirraragarria da.
Ikimilikiliklik (Loraldia Produkzioak): Azaroak 14 | 19:30 | Baluarte | 18€ / Lorazainak 15€
Loraldiaren ekoizpen berriaren estreinaldi nagusia; Mikel Laboaren eta Artze Anaien abangoardiarekin elkarrizketa eszenikoa sortzen du. Ikuskizunak duela 50 urteko esperimentazioa eta gaur egungo sorkuntza lotzen ditu, musikaren, poesiaren eta performancearen bidez.
Zoria eta atzoko zaporea XXII. Mendean (La Mapatxa teatro taldea eta Geltokiko sukaldea): Azaroak 14 | 22:15 | Geltoki | 25€
Antzerkia eta gastronomia uztartzen dituen esperientzia originala. Ikusleak mahai baten inguruan eseriko dira, zoria, erabakiak eta gizateriaren etorkizuna XXII. mendean aztertzen dituen joko eszeniko batean parte hartzeko.
Aiurri (Aukeran Dantza Konpainia): Azaroak 15 | 12:30 | Udal plaza | Doan
Aukeran Dantza Konpainia entzutetsuak euskal dantza tradizionalaren sustraia eta mugimendu garaikidea uztartzen dituen ikuskizun zirraragarria aurkezten du, Xabi Aburruzagaren musikaren doinura. Gorputza eta zentzumenak ireki eta emozioarekin konektatzeko gonbidapen irekia da, hiriaren bihotzean.
Hitzaurrea (Esperientzia digitala) (Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika): Azaroak 15 | 18:00 | Udal plaza | Doan
Esperientzia digital eta interaktiboa da, hiria joko-taula bihurtzen duena. Parte-hartzaileek Iruñeko hainbat puntutan zehar beren ibilbide propioa eraiki ahal izango dute, istorio berezi eta pertsonala sortuz.
Olaia Inziarteren kontzertua: Azaroak 15 | 20:00 | Gayarre Antzokia | 19€ / Lorazainak 15€
Artista nafarrak itxiko du jaialdia, kontzertu intimo eta indartsu batekin. Bere soinu-unibertsoan murgiltzeko aukera paregabea, elektronika sotiletik sustrai tradizionalera bidaiatzen duena bere barne-mundua esploratzeko.
Egitarau osoa eta sarrerak eskuratzeko aukera webgunean eskuragai: irunaldia.eus
Loraldia
Euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan ia 12 urteko ibilbide oparoa duen eragilea da Loraldia. Bilbon sortua, Loraldia Festibala izan zen erakundearen lehen proiektua, Bilbon hilabete batez burutzen den euskarazko kultura garaikidearen festibala.
Esperientzia arrakastatsu honetatik abiatuta jaio da Iruñaldia.
Loraldia Festibalaz gain, Loraldiak egun lan lerro ezberdinak jorratzen ditu: euskal kulturaren transmisioa lantzen du hezkuntza arloan, Eskolako lan lerroaren bidez; Gazteak kultur mundura erakartzeko proiektuak ere bideratzen ditu, bai ikusle gisa gehitzeko eta baita sortzaile gazteei plaza eskaintzeko; produkzio propioak ere sortzen ditu Loraldiak, Euskal Herri osoan zehar bira egiteko helburuarekin jaiotzen direnak; Plaza egitasmoa Loraldia Festibalaren eredua beste herri batzuetara helarazteko sortu zen; eta gaur egun transmedia, narratiba berrien sormenean eta euskal kulturaren digitalizazioan egiten du lan baita ere.
Iruñaldiaren bigarren edizioaren sustatzaileak
Esan bezala, Iruñaldia Iruñeako Udalaren eta Loraldiaren lankidetzari esker sortu da. Edizio honetan Nafarroako Gobernuko Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutua eta Laboral Kutxa dira babesleak.
Eta, laguntzaile gisa, NAIZ hedabidea eta Iruñean euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten lau eragilek ere lagundu dute: Katakrak, Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunea, Laba eta Geltoki.