- Iruñaldia Iruñeako Udalak eta Loraldiak antolatutako sei eguneko festibala izango da eta azaroaren 18tik 23ra egingo da Iruñeako alde zaharrean.
- Loraldiak berezko duen bezala, euskaraz sortzen diren kultur garaikidearen proposamen berrienak eta ausartenak aurkeztuko ditu.
- Loraldiaren esperientzia Iruñeara hurbiltzen den ekimen honetako lehen edizioan askotariko proposamenak izango dira: musika, dantza, literatura, teatroa edota bertsolaritza, besteak beste.
- Loraldian ohikoa den bezala, sortzaile erreferenteak eta figura berriak izango ditugu. Besteak beste, Maialen Lujanbio, Petti, Kukai. Eta Iruñeako zenbait sortzailek parte hartuko dute programazioan baita ere: Duguna Iruñeako Dantzariak eta Broken Brothers Brass Band, adibidez.
Gaur goizean aurkeztu da Iruñeako Condestablen Iruñaldia kultur festibalaren lehen edizioa, euskaraz sortzen diren proposamenik berritzaile eta zirraragarriak plazaratuko dituena, azaroaren 18tik 23ra bitartean.
Iruñeako Udala eta Loraldia dira festibal berri honen antolatzaileak eta gaurko aurkezpenean parte hartu dute Maider Beloki, Iruñeako Udaleko kultura zinegotzia; Amaia Ocerin, Loraldiako komunikazio arduraduna; eta Maitane Bueno, Laboral Kutxako Nafarroako Zona Burua.
Esan bezala, Iruñaldia kultur proposamen berria da eta euskaraz sortutako kultur garaikidearen topaketa bilakatuko da sei egunetan zehar.
Azaroaren 18tik 23ra bitartean, euskal sortzaile erreferenteako batzuk eta talentu berriak bilduko dira Iruñeko bederatzi espaziotan, hainbat diziplinatan. Bertan izango dira musika, antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza eta beste hainbat adierazpen artistiko.
Iruñaldia jaialdiak euskaraz sortutako kultura garaikidea Iruñeko ikusleei hurbiltzea du helburu. Festibal honek Loraldia eragileak azken hamarkadan burutu dituen hainbat lan ildo batu eta modu txikiagoan, baina izaera bereziarekin, aurkezten ditu Euskal Herriko hiriburuan.
Jaialdia azaroaren 18an hasiko da bi emanaldi bereziekin. Hasteko, Petti Berak eta Ana Galarragak Frankestein agurgarria diskoliburua aurkeztuko digute, Elkarren eskutik. Ondoren, Udaleko plazan burutuko dugu Iruñaldiaren hasiera ekitaldia, Duguna Iruñeko dantzariak taldearen eta Broken Brothers Brass Banden emanaldi berezi bateratuarekin. Haiekin batera Sustrai Colina eta Sarai Robles bertsolariak izango dira. Emanaldi honetan musika, dantza eta bertsolaritza uztartuko dira.
Hurrengo egunean, azaroaren 19an, Bilboko Pabellon 6ko Gazte Konpainiak Egun zoragarriak antzezlana eskainiko du Gayarre Antzokian. Alfredo Sanzol idazle nafarraren testua, Patzo Telleriak euskarara ekarri duena. Komedia ganberro eta sentimental honek, eszena laburren bidez, umorez zipriztindutako puzzle emozional honek adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta eguneroko bizitzako ohikeriatik kanpo proiektatzen ditugun fantasiei buruz egiten du gogoeta.
Azaroaren 20an Angel Erroren liburuaren aurkezpena eta Pettiren kontzertu akustikoa izango ditugu Karrikirin, Iruñeko Euskaldunon Topagunean. Hasieran, Angel Errok azken sormena ekarriko du: Itzulpena-Traducción. Baliteke idazleak ondu duen sormenik bitxiena, lan honek proposatzen duen jolas linguistikoagatik. Bigarren atalean, berriz, poesiatik musikara egingo dugu jauzia, Pettiren bakarkako proposamenarekin. Gitarrak lagunduta, ekarriko duen proiektuak pentsamendua, poesia eta doinua uztartzen ditu.
Azaroaren 21ean Maria Oses eta Idoia Asurmendik Munstroen bila: ohe azpian aurkitutakoak ikuskizuna aurkeztuko dute. Aspaldiko lagunak dira bi emakume hauek eta urte hauetan elkarrekin sortu izan dituzte zenbait abesti. Batzuk, ordea, ez dute inoiz argia ikusi.
Ikuskizun honetarako, egindakoak berrartu, berrikusi eta berrasmatu dituzte, eta egin gabekoak sortu ere bai. Hitzaren eta musikaren arteko elkarrizketatik tiraka, ohe azpiko munstroak esnatu eta oholtzara gonbidatu dituzte. Horregatik, esperientzia berri honi “Munstroen bila: Ohe azpian aurkitutakoak” jarri diote izen.
Azaroaren 21ean Maialen Lujanbio Katakraken izango da, RR ekintza performatiboarekin. RRk bertsolaritza, hitza eta ikus entzunezkoak uztartzen ditu. Hitzez eraikitako errezitaldia da. Hizkuntza, bere azal eta mami, modu plastikoan erabiltzen du: hotsez, testu idatzi bidez, hitz lauz, bertsoz… eta soinu pregrabatuekin eta pantailako proiekzioekin interakzioan osatzen da emanaldia. Inguratzen gaituzten gaiez dihardu, Maialen Lujanbioren eztarritik.
Azaroaren 22an Loraldiaren produkzio propioa den Bozak emanaldi berezia izango dugu; bereziki Iruñaldiarako sortu izan dena. Oholtzan, hiru herrialde ezberdinetatik etorritako hiru emakume: Nerea Erbiti, Lide Hernando eta Maialen Errotabehere. Hiru abeslari eta hiru estilo erabat ezberdinak. Nafarroako lurrak Nerea Erbiti ekarriko du. Jazz munduan eroso mugitzen den kantaria. Ohikoa da Ion Celestino eta Joseba Tapiaren bandetan. Nafar kanta zaharrak ere ikertu eta kantatzen ditu.
Lapurditik Maialen Errotabehere ahots liluragarria dator grabatu berria duen diskoa plazaratzea. Soul eta pop alaia ditu gustuko Nafarroa Beheran jaio den kantari honek. Gipuzkoatik Lide Hernando datorkigu. Liher taldearen ahotsa hainbat urtetan izan ondoren bere bakarkako ibilbideari ekin dio. “Bele” jarri dio izen eta musika estilo berriak lantzen ditu: popa, soula, funkya… Ezinbesteko hitzordua, gaurko euskal musikan murgiltzeko.
Eta azaroaren 23an, Iruñaldiari agur esango diogu hiru proposamen ezberdinekin.
Goizean Zaldiko Maldikon ardo dastaketa eta musikaz gozatzeko aukera izango dugu. Baztango Xurie upategia eta Mikel Inun musikaria izango dira protagonistak.
Baztango Xurie upategiak Arizkunen kokatzen ditu haren mahastiak. 2019ko uztaz geroztik, ardotzen dute mahastietan bildutako mahatsa, ardo naturalak sortuz. Upeldegiko hainbat ardo dastatzeko aukera emango digute.
Mikel Inunek, berriz, 2014an kaleratu zuen lehen diskoa eta harrezkero, ez dio ez sortzeari ez bide berriak urratzeari utzi. Pop estilotik abiatuta ere ez da inoiz mugatuta sentitu; kanta propio zintzo eta zuzenak lantzen hasi zen, eta ondoren, hainbat poetaren letrak ere musikatu ditu (Itxaro Borda, Miren Agur Meabe…).
Baina erritmoa, umorea eta freskotasuna beti izan dira Inunen nortasunaren ezagugarri garrantzitsuak, eta bere proposamen musikal berriek horiexek ditu bide eta helburu.
Arratsaldez, Udaleko plazan Kukai Dantza Konpainiak Gelajauziak koreografia eskainiko du. Lan hau Cesc Gelabert eta Jon Mayak sortu zuten duela bederatzi urte. Bi MAX sari irabazi zituen. Orain Kukaik moldaketa txiki bat egin du eta formato txikiago baterako egokitu du.
Eta Iruñaldiaren azken emanaldia Ai, gure juaneteak lana izango da. Mikel Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik. Patxo Telleriaren lana da eta musika eta estilo ezberdinetako monologoak uztartzen ditu. Harekin batera, Iñaki Maruri eta Maider Lopez izango dira eszenatokian. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da emanaldia. Ai, gure juaneteak ikuskari eszeniko hibridoa da, hitzak eta musika uztartzen duena. Tauletan aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore. Lanaren testua Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazio erabatekoa da.
Iruñaldia kultur eskaintza berritzaile eta zabala da, eta euskal sormenaren oraina eta etorkizuna ezagutaraztea du helburu. Egun hauetan, Iruñea euskal kulturaren erdigune bilakatuko da, eta publiko guztia gonbidatuta dago kultura garaikideaz gozatzera.
Egitarau osoa eta sarrerak eskuratzeko aukera webgunean eskuragai: irunaldia.eus
Iruñaldiaren lehen edizioaren sustatzaileak
Esan bezala, Iruñaldia Iruñeako Udalaren eta Loraldiaren lankidetzari esker sortu da. Lehen edizio honetan Laboral Kutxaren babesa dugu.
Eta Iruñean euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten lau eragilek ere lagundu dute: Katakrak, Karrikiri Iruñeako Euskaldunon Topagunea, Laba eta Zaldiko Maldiko.