- Jatorrizko Ikimilikiliklik-en oinarritutako sorkuntza berria: duela 50 urteko ‘Ikimilikiliklik’ ikuskizun ikonikoan abiatuta, Loraldiak Ikimilikiliklik Vol.2 aurkezten du. Ez da omenaldi bat, berpizte bat baizik. Jatorrizko lanaren espiritu berritzailea bereganatu eta gaur egungo lengoaia eszenikora ekartzen du.
- Belaunaldien arteko elkarrizketa artistikoa: Laboa, Artze anaien eta Zumetaren ondarea Edurne Azkarate, Iñaki Salvador eta Oreka Tx bezalako puntako sortzaileen ikuspegi garaikidearekin elkartzen da, iraganaren eta orainaren arteko zubi artistiko bat eraikiz.
- Abangoardia eszenan, etorkizunera begira: Ikimilikiliklik Vol.2 proiektuak jatorrizko lanaren ausardia berreskuratzen du, Loraldia euskal sorkuntza garaikidearen erreferente gisa finkatuz eta euskal kulturaren etorkizuna irudikatuz.
Loraldiak gaur aurkeztu du bere ekoizpen propio berria, Ikimilikiliklik Vol.2. Duela 50 urte Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak sortutako Ikimilikiliklik mugarriarekin elkarrizketa zuzena proposatzen duen ikuskizun anbiziotsua da.
Edurne Azkarate zuzendari artistikoaren gidaritzapean, gaur egungo sortzaile talde indartsu batek jatorrizko lanaren espiritu esperimentalean murgildu da funtsezko galdera bati erantzuteko: zer da gaur egun abangoardia izatea? Emaitza musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizun apurtzailea da.
Aurkezpen honetan parte hartu dute: lan honetako zuzendari artistikoa den Edurne Azkaratek; Iñaki Salvador musikariak, produkzioan parte hartzen duen musikaria eta Mikel Laboaren taldean uste luzez aritutakoak; eta Amaia Ocerinek, Loraldiaren komunikazio arduradunak.
Ikimilikiliklik: sormen leherketa baten oihartzuna
Duela 50 urte, euskal kulturak bere mugak birdefinitu zituen gertakari baten lekuko izan zen. Mikel Laboak, Joxean Artzek, Jesus Mari Artzek eta Jose Luis Zumeta margolariak Ikimilikiliklik sortu zuten, “sentikari” bat, Laboaren ahots ikonikoa, Artzeren poesia telurikoa eta Zumetaren plastika berritzailea modu ezezagunean fusionatu zituena.
Hain proposamen apurtzailea izan zen, ezen mugak gainditu zituen, Veneziako Arte Bienean txalotua izan zen eta euskarazko modernitatearen eta esperimentazioaren sinbolo bihurtu zen.
Elkarrizketa bat, ez omenaldi bat: XXI. mendeko proposamena
Nostalgiatik urrun, Ikimilikiliklik Vol.2 Loraldiaren ekoizpen berria erantzukizun artistikoko ekintza gisa planteatzen da. 2025eko ikuskizunak, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, bi garaiak lotzen dituen zilbor-hesteari heldu eta tenk egiten dio.
Sorkuntza berri honek garai hartako ‘dena egiteke dago’-ren eta oraingo ‘dena egina dago’-ren arteko tentsioa aztertzen du. Testu berrien, Laboaren musika berrikusiaren, Artzeren poesiaren eta zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren bidez, lantalde artistikoak jatorrizkoek izan zuten baimen bera ematen dio bere buruari: erabat garaikideak eta arriskutsuak izatekoa. Izan ere, proiektu honen abiapuntua galdera argi bat da: zer zor diogu jatorrizko lanari? Eta erantzuna argia izan da: haiek bezain ausartak eta garaikideak izatea. Ikuskizun hau ez dator imitatzera, erantzutera baizik.
Lantalde artistiko paregabea, mugarri berri baterako
Erronka hori aurrera eramateko, Loraldiak gaur egungo euskal eszenaren onena ordezkatzen duen aparteko lantaldea bildu du.
Edurne Azkarateren zuzendaritza eszenikoak ikuspegi fresko eta kontzeptuala dakar.
Iñaki Salvador musikariaren interpretazioak eta presentziak, Mikel Laboaren kolaboratzaile historikoa izanik, bi munduen arteko zubilana egiten du.
Harekin batera, Oreka Tx taldearen (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) maisutasun erritmiko eta esperimentalak proiektuari lurra eta abangoardia ematen dizkio.
Libe Kortazar abeslariak bere ahots hunkigarria eta kantuen interpretaziorako talentu berezia eskainiko dizkio ikuskizunari.
Intza Alkain, belaunaldi berriko erreferentziazko aktoreak, bere eszena-indarra eta sentsibilitate dramaturgikoa gehituko ditu.
Eta Itziar Garaluce artista bisualak zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren ardura izango du, bere teknika misto eta esperimentalarekin esperientzia sentsoriala osatuz.
Azkenik, giroa eta atmosfera borobiltzeko, Vanesa Santosen argi diseinu landuak eta Mikel F. Krutzagaren soinu-espazioak funtsezko papera jokatuko dute.
Loraldia: abangoardia eta etorkizuna euskal kulturarentzat
Ikimilikiliklik Vol.2 proiektuarekin, Loraldiak beste urrats bat eman du euskal kultur sorkuntzan eragile aktibo izateko bere misioan. Ekoizpen propioa den heinean, proiektu honek Loraldiaren balioak gorpuzten ditu: berrikuntzaren aldeko apustua, belaunaldien arteko elkarrizketa eta formatu handiko proposamenak sustatzea, Euskal Herriko eta haratagoko publiko guztiengana iristeko bokazioarekin.
Ikimilikiliklik Vol.2 ez da soilik ikuskizun bat, asmoen adierazpen bat da. Kulturak bizirik dirauela eta bere etorkizuna eraikitzeko iraganari galderak egin behar dizkiola frogatzen du. Loraldian izpiritua berreskuratzen dugu, ez museo-pieza bat, euskarazko sorkuntza abangoardia dela eta izaten jarraituko duela erakusteko.
Fitxa artistikoa eta teknikoa
JATORRIZKO SORTZAILEAK: Mikel Laboa (Abestiak), Joxean Artze (Poesia), Jose Luis Zumeta (Arte-lanak).
EKOIZPENA: Loraldia
ZUZENDARIA: Edurne Azkarate
ZUZENDARI LAGUNTZAILEA: Mikele Urroz Zabalza
SORTZAILEAK ESZENAN: Iñaki Salvador / Oreka Tx (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) / Libe Kortazar / Intza Alkain / Itziar Garaluze
TESTU BERRIAK: Intza Alkain / Itziar Navarro / Edurne Azkarate
ZUZENEZKO IKUS-ENTZUNEZKOAK: Itziar Garaluce
ARGIZTAPENA: Vanesa Santos
SOINUA: Mikel F. Krutzaga
JANTZIAK: Idoia Beratarbide
PRODUKZIOA, KUDEAKETA ETA KOMUNIKAZIOA: Loraldia
Estreinaldia eta emanaldiak
Ikimilikiliklik Vol.2 produkzioaren aurre estreinaldia Saroben izango da azaroaren 12an. Eta estreinaldi handia, azaroaren 14an, Iruñeako Baluarten, Iruñaldiaren programazioaren baitan.
Euskal Herrian zehar bira egitearen intentzioarekin sortu dugu eta datak zehazten ari dira. Atzerrian ere eskaintzeko aukeran lanean gabiltza. Badago beste data bat baieztatuta, martxoaren 12koa, Bilboko Arriaga Antzokian.
Sustatzaileak eta babesleak
Loraldia da ekimen honen sustatzailea eta ideiaren asmatzailea.
Eta, gurekin batera, Bizkaiko Foru Aldundia da babesle nagusia, Laboral Kutxarekin batera.
Eta honako hauen laguntza izan dugu egitasmoa egikaritzeko: Urnietako Udala, EHUko Mikel Laboa katedra, Eusko Jaurlaritza eta Formol laborategia.