- Etorkizunera begira: “Hitzaurrea” soinu-esperientzia digitala, Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak sortua, martxoaren 10ean estreinatuko den ibilbide berritzailea da.
- Euskarazko sorkuntza digitalaren bultzada: proiektu hau Loraldia Sormen Digitala Bekaren irabazlea izan zen 2023ko deialdian. Hitzaurrea da emaitza eta ekintza hau estreinekoz egingo da.
“Hitzaurrea” proiektuaren emaitza 2025eko Loraldia Festibalaren 11. edizioan aurkeztuko da eta lehenengoz gauzatuko da. Proiektu hau 2023ko Loraldia Sormen Digitala Bekaren onuraduna izan zen eta urte bateko garapenaren ondoren esperientzia berritzailea eskainiko da.
Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak sortua, martxoaren 10ean, Azkuna Zentroko Atriotik abiatuta, entzuleek teknologia eta sorkuntza uztartzen dituen esperientzia paregabea bizitzeko aukera izango dute.
Etorkizunera begira: sorkuntza digitala eta soinu-fikzioa
Inoiz galdetu al diozu zure buruari nolakoa izango den etorkizuna? Edo are gehiago, etorkizunik izango ote den? Galdera horiek abiapuntu hartuta sortu da “Hitzaurrea” soinu-esperientzia digitala, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eta Fikzio Fabrikaren eskutik. Esperientzia hau ez da soilik etorkizunari buruzko hausnarketa bat; gaur egungo urratsek biharko bide berriak sortzeko duten ahalmena aztertzeko gonbita ere bada.
Telefono mugikorra eta aurikularrak baino ez dira behar, eta edozien herritako kaleetan barrena ibiltzeko prest egotea. Esperientzia honek ibilaldi bakarkakoa proposatzen du, non norberaren erabakiek istorioaren norabidea zehaztuko duten. Alondegiko Atriotik abiatuta, istorioaren barruan murgiltzeko aukera izango da lehen esperimento honetan, errealitate digital eta analogikoaren arteko muga lausoetan barneratuz.
Ekitaldiaren xehetasunak
- Data: martxoak 10, astelehena
- Ordua: 19:30
- Lekua: Azkuna Zentroa – Alondegian atrioan izango da hitzordua
- Iraupena: 60 minutu (ibilbide bakarka)
- Sarrera: Doakoa
- Informazioa: https://loraldia.eus/egitaraua/hitzaurrea-piszifaktoria-ideien-laborategia
Loraldia Sormen Digitala Beka: Hitzaurrearen abiapuntua eta bultzada
“Hitzaurrea” proiektua Loraldia Sormen Digitala Bekaren bigarren edizioaren irabazlea izan zen, 2023an. Deialdi honen helburu nagusiak euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago sortzeko aukera ematea dira. 2023ko udazkenean abiatutako deialdian 19 proposamen aurkeztu ziren, eta horien artean aukeratua izan zen “Hitzaurrea”.
Proiektuaren atzean Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak daude, eta taldekideak honako hauek dira: Irati Agirreazkuenaga, Xabier Landabidea, Eneko Olazabal eta Mikel Ayllon.
10.000 euroko ordainsariarekin, taldeak teknologia eta sorkuntza uztartzen dituen soinu-fikzio bat garatu du, non entzule bakoitzak erabaki propioen bidez kontakizun bakarra sortuko duen.
Teknologia gizakiaren protesia moduan
“Hitzaurrea” proiektuak teknologia modu eraikitzailean erabiltzea du xede, gizakia baldintzatu beharrean, haren ahalmenak areagotzeko. Errealitate analogiko eta digitalaren arteko nahasketak aztertzen dira, etorkizun bat izateko oraina ulertu behar dela premisatzat hartuta.
Soinua izango da istorioaren euskarri nagusia, eta entzuleek bi aukeraren artean hautatu beharko dute atal bakoitzaren amaieran. Horrela, bidaiaren norabidea entzulearen erabakien araberakoa izango da, ohiko kale eta lekuak ikuspegi berri batekin bizitzeko aukera eskainiz.
Etorkizuna gaur gertatzen ari da. Ongi etorri orainaldira. Ongi etorri etorkizunaren hitzaurrera.