- Martxoaren 6an “Gorputzaren Atzean” ekitaldia egongo da Azkuna Zentroa-Alondegia Bilbon, Loraldia Festibalaren 10. edizioaren barruan.
- 2022ko Loraldia Sormen Digitala Bekaren onuradunek sortutako pieza da, eta Loraldia Festibalean egingo da estreinaldia.
- Istorioak Interneten izango du garapen paraleloa baita ere, bideo sorta baten bitartez eta Instagram sare sozialean presentzia izanda.
Loraldia Festibalak 25 ekintza baino gehiago antolatu ditu 10. edizioaren programazioaren baitan Bizkaia, eta Bilbo, euskal kulturaz bustitzeko. Ekintza horien artean 2024ko festibalerako espreski sortu diren piezak daude, “Gorputzaren Atzean” adibidez.
Martxoaren 6an izango da estreinaldia, Azkuna Zentroa-Alondegia Bilbaon, 19:30ean.
“Gorputzaren Atzean” Loraldiak deitutako Sormen Digitala Bekaren lehenengo edizioaren emaitza da. UPV/EHUko irakasle talde bat dago atzean: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga. Oholtza gainean Ainhoa Artetxe ikusiko ditugu. Eta emaitza, multiplataforma eta inguruneak elkartuko ditu, digitala eta analogikoa.
Etorkizunera bidaia
“Gorputzaren Atzean” 2050. urtean gertatzen den istorio bat kontatzen du. Urte honetan oso ohikoa da pertsona guztiek biki digital bat edukitzea, ingurune digitalean mugitzeko erabiltzen den erreplika birtuala, gizakiaren jokaera, itxura eta kontzientzia imitatzen dituenak. Istorio honen protagonista Xulop daukagu, Polux gizakiaren biki digital bat.
Xulopek bere gizakiarekin konexioa galdu du, lotura eten egin da. Horrek datu askoren galera suposatu du, baina bere aurreko bizitzaren oroimen batzuk ditu oraindik. Bere giza originalaren aurkitzeko bidai batean murgilduko da protagonista, ezerezean galtzearen beldurrez.
Hainbat disziplina uztartzen dituen proiektu multiplataforma
“Gorputzaren Atzean” artearen zenbait disziplina eta mundu digitaleko zenbait alor elkartzen dituen proiektua da.
Proiektuaren helburua ingurune digitalean sormena bultzatzea zen. Loraldia Sormen Beka Digitalaren helburua baita euskaraz sortutako lan, pieza eta proiektuek ingurune digitalean gauzatzea. Horrela, egitasmoak kontatzen duen istorioa Loraldiaren webgunean erakutsiko diren zenbait bideo batzuen bitartez gauzatuko da. Eta, aldi berean, Instagram sare sozialean Xulop eta Polux hasi dira jada istorioa gauzatzen.
Eta, bestalde, ingurune analogiko eta presentzialean, zuzeneko emanaldi baten bidez aurkeztuko da “Gorputzaren Atzean”. Bertan zuzeneko dantza, antzerkia, ahotsa eta musika bat egiten dute aurrez grabatutako zenbait ikus-entzunezko piezekin. Artea eta teknologiaren nahasketa harmoniatsua ikusiko dugu oholtzan.
2022ko Sormen Digitala Bekaren irabazlea
- urtetik Loraldiak Sormen Digitala Beka deitzen du, euskal sortzaile zein eragileei zuzendutako proiektu digital bat sortu eta ekoizteko laguntza. Beka honen lehenengo onuraduna, 2022. urtean irabazi zuena, “Gorputzaren Atzean” izan zen. Urte luze batez sormenari ekin diote eta aurtengo Loraldia Festibalean emaitza aurkeztuko dute, bai digitala eta bai aurkezpen presentziala.
Sormen Digitala Bekak helburu zehatz bat dauka: euskarazko proiektu digitalen sorkuntza sustatzea. Horregatik kultur sorkuntzaren alor guztiak sartzen dira ekimen honetan: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … Gainera, disziplina batzuren uztarketa izan daiteke, 2022ko bekaren onuradunaren kasuan.