Femias Kolektibaren ‘Ahotsak AA(r)entzat’ proiektuak irabazi du Loraldiaren 4. Sormen Digitaleko Beka

  • Femias Kolektiboak aurkeztutako ‘Ahotsak AA(r)entzat da 4. Loraldia Digital Bekaren proiektu irabazlea, sorkuntza digitalaren eta hausnarketa sozialaren arteko bidegurutzean kokatzen den lan ausarta.
  • Adimen artifiziala “heztea”: proiektu interaktibo honetan, publikoak bere ahotsa erabiliko du adimen artifizial bati euskal kulturaren inguruko ikuspegi estereotipatua deseraikitzen laguntzeko.
  • 10.000 euroko babesa: bekak euskarazko sorkuntza digital natiboaren aldeko apustua indartzen du, abangoardiako proposamenak garatzeko ezinbesteko baliabideak eskainiz.

 

Sormen Beka digitala - Femias kolaktiboa

Loraldiak laugarren urtez eman du Sormen Digitaleko Beka, eta pozarren iragartzen dugu aurtengo proiektu irabazlea Femias Kolektibaren ‘Ahotsak AA(r)entzat’ dela. Epaimahaiak bereziki baloratu du proposamenaren izaera berritzailea, kritikoa eta parte-hartzailea, euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan mugarri berri bat jartzen baitu.

Loraldia Sormen Digitala Bekak, aurreko edizioetan bezala, euskarazko sorkuntza digital natiboari bultzada emateko konpromisoari eusten dio. “Ahotsak AA(r)entzat” proiektuak ezin hobeto islatzen du bekaren espiritua: diziplinak nahastea, ikuspegi berriak eskaintzea eta euskara abangoardiako kultur adierazpenen erdigunean kokatzea.

Femias Kolektibak 10.000 euroko saria jasoko du lana garatzeko, eta emaitza 2027ko Loraldia Festibalean aurkeztuko da. 

 

Zer da ‘Ahotsak AA(r)entzat’? 

Femias kolektiboa garatuko duen proiektu honek, instalazio interaktibo bat proposatzen du, adimen artifizial-makina bat protagonista izango duena hain zuzen ere. Instalaziora hurbiltzen diren pertsonek elkarrizketa bat izango dute adimen artifizial horrekin, galdera nagusi bati erantzunez: zer da euskal nortasuna/euskal kultura?

Elkarrizketa hauen bidez, AAk egunero eguneratuko du euskal izaeraren inguruan duen ulermena, parte-hartzaileen ahotsetatik, esperientzietatik eta kontakizun pertsonaletatik ikasiz. Horrela, proiektuak makinaren hezkuntza kolektiboaren prozesu bat proposatzen du, eta aldi berean, euskararen presentzia indartu nahi du adimen artifizialean, aurrez aurretik dituen aurreiritziak eta giza istorioak interpretatzeko moduak jokoan jarriz.

Instalazioak hausnarketarako gonbita egiten du, galdera ireki hauen bidez: AAk euskalki guztiak ulertzeko gai izango al da? Nola aldatuko ditu bere hasierako ideiak? Kontraesanarekin bizitzen ikasiko al du? Adimen artifizial batek kultura bizidun baten konplexutasuna ulertu edo bizi dezake?

Instalazioa joko kreatibo gisa ulertzen dugu, non Femias kolektiboak, parte-hartzaileek eta makina bera elkar-sorkuntzan arituko diren. Bidean AArekin zer nolako harremanak nahi ditugun irudikatuko ditugu, munduan egoteko moduak, ikaskuntzak eta desadostasunak partekatuz.

 

Femias kolektiba

Femias kolektiboa 3 emakumek osatzen dute, eta arteak, teknologiak eta feminismoek bat egiten duten ala ez aztertzen du. Bere eginkizuna adimen artifizialen eta haien ekosistemaren gaineko begirada kritikoa eraikitzea da, haien mugak eta joerak ulertuz, eta haiek etikoki eta feminismoz berrjabetzea ahalbidetuko duten tresnak eta irudimenak sustatuz.

Ikuspegi feminista intersekzionaletik, adimen artifizial generatiboak zeharkatzen dituzten joerak eta estereotipoak ikusarazteko eta desartikulatzeko lan egiten dute, pentsamendu kritikoa eta praktika kontzienteak bultzatuz.

 

Loraldia Sormen Digitala Bekako aurretiazko edizioak eta ekimen irabazleak

Beka honen lehen edizioan, UPV/EHUko irakasle talde batek sortutako Gorputza atzean utzi proiektua irabazi zuen. 2024ko martxoan aurkeztu zen, Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan.

Gorputza atzean utzi proiektuaren arduradunak EHUko irakasle talde bat dira: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga.

Askotariko formatu artistikoak konbinatzen ditu, eta bakoitzak dimentsio desberdina ematen dio bere ohiko fisikotasuna gaindituko duen gorputz bati, bai ahotsarekin eta literaturarekin, bai soinu eta irudi digitalarekin. Narrazioaren haria Katixa Agirrek idatzi du, gorputzaz eta posthumanismoaz.

Proiektua zuzeneko lan performatibo batek, sare sozialetako edukiek eta YouTubeko zazpi kapituluko serie batek osatzen dute.

 

Bigarren edizioari dagokionez, Hitzaurrea proiektuak irabazi zuen deialdia.

Hitzaurrea proiektuaren atzean Piszifaktoria Ideia Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak daude, eta taldea Irati Agirreazkuenagak, Xabier Landabideak, Eneko Olazabalek eta Mikel Ayllonek osatzen dute.

Telefono mugikorraren bidezko web aplikazio batekin egiten den soinu-esperientzia da.

Hitzaurreak bizi dugun garaiari buruz hausnartzea du helburu: aldaketa digital eta teknologikoen aurrean posizionamendu eraikitzailea sortzea.

Horrela, teknologia erabiltzen da elkarrekin gauzak egiteko, kalera ateratzeko, ingurune hurbila esploratzeko (ez isolatzeko), tele-aktibitaterako eta arreta gure ingurune hurbilenetik arreta-puntu globaletara bideratzeko. Teknologia giza agentziaren luzapen gisa datorren giza protesia da, eta ez du gizakia baldintzatzen, areagotu baizik.

2025eko martxoan aurkeztu zen, eta ordutik hona Hitzaurrearen hainbat saio kolektibo jarri dira abian.

Eta Loraldia Sormen Digitala Bekaren hirugarren edizioan AppaMaurizia proiektua izan zen irabazlea, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboak sortutako errealitate birtualeko proiektua, Ines Osinaga eta Lorea Argarate buru direla. Proiektu honek teknologia berritzailea eta euskal folklorearen kultura-ondarea uztartzen ditu, murgiltze esperientzia bat sortzeko.