Loraldia Eskola 3. topaketa - 2025

LORALDIA ESKOLA 3. TOPAKETA

Euskal kultura harrobi gosez: hezitzaileak eta irakasleak bidelagun

Euskal kulturaren transmisioa erronka eta aukera handia da hezkuntza-komunitatearentzat. Hezitzaileek eta kultur eragileek gero eta behar handiagoa dute kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten tresna eta baliabide berriak ezagutzeko, eta horretan sakontzeko. Hori dela eta, Loraldia Eskolaren 3. Topaketa antolatu genuen, transmisioaren erronkak eta aukerak aztertzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarlanerako espazioak sortzeko.

Hezitzaileak eta irakasleak ezinbesteko bidelagunak dira euskal kulturaren transmisioan. Haien lanak funtsezko zeregina betetzen du belaunaldi berriek euskal kultura ezagutu, barneratu eta bizi dezaten. Formazio egokia, baliabide eskuragarriak eta metodologia berritzaileak ezinbestekoak dira transmisio eraginkor bat lortzeko, eta horretan sakontzea izango da topaketa honen helburua. Hortik 2025eko topaketaren izenburua: Euskal kultura harrobi gosez: hezitzaileak eta irakasleak bidelagun.

JARDUNALDIAREN BIDEO-LABURPENA

ONDORIO NAGUSIAK

Kultura-hezkuntzaren erronkei aurre egitea

Hezkuntza-eragileak kultura-zirkuituetan gutxiago gurutzatzen dira, kulturaren balio soziala apaldu egin da hezkuntza-eremuetan, eta kultura-esparruen arteko autonomia handitu da.

Testuinguru honetan, ezinbestekoa da kultura-hezkuntzaren inguruko gogoeta sustatzea eta eragileen arteko lankidetza bultzatzea.  

Irakasleen prestakuntza eta baliabideak

Irakasleek kultura-transmisiorako dituzten beharrak asetzea funtsezkoa da. Formazioa, baliabideak eta praktika onak eskaini behar zaizkie, euskal kulturaren inguruko aurreiritziak hautsiz eta ikuspegi berriak eta eraginkorrak garatzen lagunduz.

Euskara eta kultura "ertz"-etatik lantzea

Euskara eta kultura erdigunetik kanpo dauden eremuetan (periferia, ertzak) lantzeko ikuspegi berritzaileak behar dira. Gazteekin lan egitean, bereziki, kontuan hartu behar dira haien beharrak eta interesak, eta euskarari ikuspegi funtzionala eta garaikidea eman behar zaio.  

Kultura-transmisioan eragile aktiboak izatea

Irakasleak eta hezitzaileak eragile aktiboak izan behar dira kultura-transmisioan. Ikasleen kontzientziazioa sustatu behar da, haien gaitasun linguistikoak hobetu, eta euskal kulturarekiko atxikimendua indartu.
Eskola komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa da, transmisioa eraginkorra izan dadin.  

Proiektu berritzaileak eta erakargarriak

Kultura transmititzeko, proiektu berritzaileak eta erakargarriak garatu behar dira, ikasleen interesak piztu eta parte-hartzea sustatuko dutenak. Arte adierazpideak, metodologia aktiboak eta bizipenetan oinarritutako ikaskuntza erabili behar dira, transmisioa eraginkorra eta esanguratsua izan dadin.

HITZALDIAK ETA PARTE-HARTZAILEAK

Kultur hezkuntza nola ase, irakasle-premiak hala bete

Iratxe Retolaza, kultur hezkuntzan aholkularia

Kultur hezkuntzak azken hamarkadetan guneak eta uneak galdu ditu eskola-eremuan, eta gizartean ere kultur zirkuituak zeharo aldatu dira. Euskal kulturaren sozializazio-guneak, elkarguneak eta ezagutza-bideak ere oso azkar eraldatu dira, eta elkar elikatze horretan etenak ere gertatu dira.
Euskal kulturaren harrobi berriak sortzeko bidean hezkuntza-komunitateak badu munta handiko erronka bat: euskal kultur esperientziak gorpuzteko eta horiek kritikoki jorratzeko topagune eraginkor bilakatzea eskola-guneak. Ipar hori ardatz hartuta, norabide horretan eragiteko bidean urrats txikiak eginez bagabiltza han-hemen hezkuntza-komunitateko hainbat eragile (hezitzaileak, irakasleak, hezkuntza-guneak, kulturguneak…).
Urrats horien eta sare horien mapa bat osatzeaz gain, euskal kultur hezkuntza lantzeko bitarteko zein baliabide zenbait aurkeztuko dira saioan zehar, baita formazio-gune batzuen berri eman ere.

Kultur ezagutzak gorpuzteko aukerak: formazioa

IGOA PROIEKTUA

Amaia Elizalde (Mikel Laboa Katedrako zuzendaria eta IGOA proiektuaren koordinatzailea) eta Olaia Miranda (UPV/EHUko Irakasle-Ikertzailea eta IGOA lan-taldeko kidea).

IGOA proiektua irakaslegaien artean euskararen erabilera sustatzeko eta haien ohartze eta ahalduntze soziolinguistikoa bultzatzeko ekimena da. UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean garatzen ari da, eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Graduetako ikasleei zuzenduta dago. Proiektuak lankidetza zabala du erakunde eta aditu ezberdinekin, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia, Mikel Laboa Katedra eta Rosa Ramos soziolinguista.
Proiektuak bide-orri zehatz bat jarraitzen du, 2023tik 2026ra bitarteko hainbat fase barne hartzen dituena. Fase horien artean, egoeraren diagnostikoa, esku-hartzearen diseinua, inplementazioa eta ebaluazioa daude. Diagnostikoak irakaslegaien hizkuntza-egoera aztertzen du, haien hizkuntza-maila, erabilera-ohiturak, jarrerak eta beharrak identifikatuz.
Proiektuaren helburu nagusiak ikasleen kontzientzia soziolinguistikoa garatzea, gaitasun linguistikoak hobetzea, euskararekiko atxikimendua sustatzea eta etorkizuneko irakasleak hizkuntza-eragile aktibo bihurtzea dira. Horretarako, diziplinarteko talde bat osatu da, soziolinguistikako adituak eta hainbat arlotako irakasleak bilduz. Esku-hartzeak hainbat ildo jorratzen ditu, besteak beste, etorkizuneko irakasleen eginkizun linguistikoen inguruan hausnartzea, ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzea eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea.

Euskal dimentsioa langai IRALEn

Ane Sarasketa (IRALE)

IRALEren ardatzak zeintzuk diren eta haien esperientzietatik ateratako ideiak.

IRALEk (Irakasleen Euskarazko Prestakuntza Zerbitzua) antolatutako ikastaroek irakasleen euskalduntzea eta kultura transmisioa dute helburu nagusi. Ikastaroetan, irakasleei ikas-prozesuaren oinarriak, euskal kulturari buruzko baliabideak, proiektuak garatzeko metodologiak eta kultura transmititzeko jarduerak eskaintzen zaizkie.
IRALEk bizipenetan oinarritutako ikas-prozesuen garrantzia azpimarratzen du, eta aurrez aurreko ikastaroak antolatzen ditu, irakasleen arteko saretzea sustatuz. Ikastaroetan landutakoa, irakasle bakoitzak bere ikasleen beharretara egokitzeko gaitasuna lantzen da.
Aurkezpenak IRALEren indarguneak (besteak beste, eguneratzea eta aurreiritziak haustea) eta hobetu beharrekoak (plangintza, kontzientziazioa eta zabalkundea) aipatzen ditu.

Kultur kontsultak asetzeko erak: baliabideak

Kultura Eskola

María José Telleria Etxeberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondareko Zuzendari Nagusia / Isabel Lejardi, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko ekonomiako erdi mailako teknikaria (Kultura Eskola)

Kultura Eskola, Etorkizuna Eraikiz programaren barruko proiektu esperimental gisa 2020-2023 legegintzan sortu zen. Kultura gure ondarea izanik, bere transmisioa ardatza harturik sortu zen kultura eskola eta gaur egun proiektu arrakastatsua bilakatu da.
Abiapuntua eredu kultural egonkortuago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago egitea izanik, Kultura Eskolaren helburua, ikasleengan kulturarako sarbidea erreztea eta bide batez artearekiko sentsibilitatea handitzea litzateke, horren baitan sortuko baita gizartea aldatuko duen erizpide kritikoa edo gazteengan kultura sortzeko grina adibidez.
Horretarako, kultura eskolako katalogo bat sortu da zeinetan arlo desberdinetako proposamenak daude, antzerki, dantza, literatura, ikus-arteak, ikus-entzunezko, zirkua.. ikastetxeen eskura jartzen dena, kultur jarduerak aukeratu eta burutzeko.

Kultur hezkuntza egikaritzeko manerak: praktika onak

Igo Bolumena: #damolat!

Naroa Jauregizuria (AHIZE-AEK Aholkularitzan aholkularia eta proiektu burua

Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak euskara, kultura eta transmisioa “ertz”-etatik lantzeko ikuspegia aurkezten du. Aurkezpenean, “periferia edo ertzak” kontzeptua azpimarratzen da, erdigunetik kanpo dauden espazioetan euskarak eta kulturak izan ditzaketen gabeziak eta aukerak aztertuz. Era berean, “ertzetatik” kontzeptua aipatzen da, transmisio-bide ezberdinak (familia, ikastetxea, gazte mugimenduak…) kontuan hartuz.
Aurkezpenak euskararen erabileran eta kultura transmisioan dauden hainbat arazo identifikatzen ditu, hala nola komunikatzeko gaitasun eskasa, kultur edukiak igortzeko sare ahulak, euskarazko bizipenak sortzeko zailtasunak eta diskurtso zaharkituak. Arazo hauei aurre egiteko, hainbat proposamen egiten dira, besteak beste, ezagutza, pertzepzio, identifikazio, atxikimendu eta parte-hartzea sustatzea, ekintza eta gozamena uztartzea, eta gazteei ikuspegi funtzional eta garaikidea eskaintzea.
Azkenik, aurkezpenak pasioaren garrantzia azpimarratzen du, euskara eta kultura transmititzeko lanetan ezinbesteko osagai gisa.

Loraldia Eskola

Erika Uranga Basterra, Loraldia Eskolako hezitzailea

Loraldia Eskolak gure kulturaren transmisioa, sormenetik egitea proposatzen dugu. HH-tik batxilerrera bitartean, adin bakoitzaren ezaugarri propioak kontutan hartuz. Ikasleei, erakargarriak eta motibagarriak suertatuko zaizkien kultur arte adierazpideez baliatuz, sormen lan baten prozesu guztiaren esperientziaren bizipena izateko aukera ahalbidetzen die Loraldia Eskolak.
Hezkuntzan diharduten profesionalei, transmisioa, esperientzia bat izatearen garrantziaz ohartarazi nahi diete. Eskola komunitate osoarentzako, euskara eta euskal kulturarako arnasgune bilakatu daitekeen egitasmo xume bat, aurrez-aurre jarri.

Hezkuntza-egiturak etorkizunari begira

Hezkuntza lege berriak Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua arautzen duenean, eta berariaz, hizkuntza-metodologiak lantzeko eta irakasleak prestatzeko diren beharrizanei erantzuteko eginkizuna ematen dionean, euskal kulturak leku berezitua hartzen du euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen diren heinean, bai eta beste hizkuntzekin harremanetan ere.
Saio honetan, euskal kulturak eta bere transmisioak hezkuntza esparruan izan duen lekuaren gaineko irakurketa labur bat egingo da (NOLEGA deialdia, ULIBARRI programa, Hizkuntza Proiektuak, IRALE prestakuntza eta euskal sortzaileen programak…). Horrez gain, etorkizunari begirako zereginetan jarriko dugu arreta: ikastetxeetako Hizkuntza Proiektuak, irakasleen prestakuntza kulturaren esparruan, euskal curriculumaren lanketa, eskola materialaren ekoizpena antolatzea…

Antolatzailea

Babeslea

logo_bizkaiko-foru-aldundia

Laguntzaileak

MU_HUHEZI logoa
EHU/UPV logoa

Loraldia eskolako berriak