Jatorrizko Ikimilikiliklik bidekidekariarekin elkarrizketan sorturiko ikuskizuna.
Sinopsia
Duela 50 urte, Mikel Laboa eta Artze Anaiak abangoardiaren esperimentazioaren bidean murgildu ziren eta IKIMILIKILIKLIK izeneko sentikaria plazaratu zuten. Ikuskizun harrigarri eta berritzaile honek diziplina anitz uztartu zituen: Laboaren lehen kantak, Artzeren poesia, ikus-entzunezkoak, Zumetaren artea… baita txalapartaren erabilera berri bat.
Sormen honekin Veneziako Bienalera bidaiatu zuten eta nazioarteko onespena jaso zuten.
Bost hamarkadaren buruan, Loraldiak garai hartako esperimentazio joera bereganatuko du eta ikuskari berri bat aurkeztuko du. XXI. mendeko Ikimilikiliklik.
Abangoardiak 50 negu bete ditu, udaberriari begira igaro dituena. “Dena dago egiteke” eta “‘dena egina dago” garaien arteko zilbor-esteari helduko diogu.
Ikimilikiliklik Vol.2 ausarta izango da, edo ez da izango.
ESPLORAZIO ETA ESPERIMENTAZIO-ARTISTIKO ARIKETA
Ikimilikiliklik berrikusi, berasmatu, bermoldatu nahi dugu belaunaldi ezberdinetako puntako musikariekin.
Iñaki Salvador arduratuko da musika zuzendaritzaz eta Edurne Azkarateren eszena zuzendaritzaz.
Kultur-diziplina ezberdinen uztarketan oinarrituko da lana: musika, arte-lanak, antzezpena eta ikus-entzunezkoak.
Adin, jatorri artistiko eta euskalduntze fase desberdinetako gorputzak batu gara Ikimilikiliklik ikuskizunaren eszenaratze berrian.
Abangoardiak 50 negu ditu, udaberriari begira igaro dituena.
“Dena dago egiteke” eta “‘dena egina dago” garaien arteko zilbor-hesteari helduko diogu. Eta tenk. Hasperen bat. Oinordetza gai serioa da; alabatasuna ere bai.
Ikimilikiliklik originalari zor diogun minimoa beraiek jokatu zuten bezain garaikide jokatzeko baimena hartzea da.
Errespetuz begiratzen diogu bai ondareari, bai praktikatzen zuten ausardia artistikoari ere.
EMANALDIAK
- Aurre estreinaldia: Azaroak 12. Urnieta (Sarobe arte eszenikoen gunea)
- Estreinaldia: Azaroak 14. Iruñea (Baluarte)
- Urtarrilak 31 (2026). Donostia (Victoria Eugenia Antzokia)
- Martxoak 12 (2026). Bilbao (Arriaga Antzokia)
