Elkarrizketa: LORALDIA ESKOLA ESPERIENTZIA IRAKASLE BATEN BEGIRADATIK

Esti Arguesori egindako elkarrizketa, Portugaleteko Antonio Trueba DBHko euskara irakaslea
Kamara sartu proiektuan partaide izana.

 

Loraldia Eskola gure kultura beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera da. Oso aukera polita izan da ikasleentzako errazak diren tresnen bitartez, euskara lantzeko eta zerbait sortzeko aukera izatea.

 

Gure proiektuen xede nagusia euskal kulturaren transmisio gaurkotua izanik, ikuspegi hau eskola-esparruan lantzeko beharra ikusten duzu?

Gure eskolan behintzat oso beharrezkoa ikusten dut, zeren ez dute euskal kulturarekin inolako harremanik. Ezagutzen dituzte justu, agian Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan landutako inauterien inguruko pertsonaiak, mitologia apur bat, baina ez dakite ezer gaur egungo literaturari buruz, ez zinema, ez antzerkia, ez musika. Musikarena oso deigarria da, ikaragarri gustatzen zaie, baina euskal musika talderik ez dute ezagutzen.
Gaur eguneko begirada bat eskaintzea uste dut errezagoa eta hurbilagoa dela ikasleentzako. Gero egia da, gure ikasgaian saiatzen garela lantzen apur bat literatura, baina jakina, beti literaturaren historia lantzen dugu. Eta musika, lan egiten duten bitartean jartzen diegu, entzuteko behintzat zerbait, baina ez daukate erreferentziarik.

 

Beharbada etengabe eraldatzen dabilen eta pertsonala izan daitekeen “euskal kultura” kontzeptu eta hitzek, zer nolako harrera izan dute ikasleen artean? Jakinda, berau dela proiektuko mintzagai nagusia.

Ba egia esan, orokorrean badaukate euskara eta euskal kulturaren aurkako sentimendua. Ez dakit, oso erdaldunak dira, hemengo familien %99,9a esango nuke. Bakarren bat eskolan da familia euskaldunekoa. Gainontzeko danak, erdaldunak dira, jatorri erdaldunekoak eta kanpotik etorritako familiak. Kanpotik etorrita ere, babestu dezakezu kultura edo kulturalki integratu, baina kasu honetan, ez da gertatu gure ikasleen artean.
Euskal kulturarekiko asperdura adierazten dute, ez daukate aldeko jarrerarik.

 

Bereziki zein faktorek baldintzatzen dute ikasleen eta euskal kulturaren arteko lotura?

Ba nik uste dut, euskaran daukaten zailtasuna dela; hizkuntza mailakoa. Hauen familiak, ez dira euskaldunak eta orduan, euskara bakarrik da eskolako hizkuntza. Eta txikitatik ikusten dugu hau behean. Normalean, gureak, Truebako Lehen Hezkuntzatik datoz eta oso erdaldun etortzen dira, oso euskara maila baxuarekin. Orduan, hauentzat euskara lantzea da, zaila, zaila egiten zaie eta horrekin lotzen dute gainontzeko guztia.

 

Gure hezkuntza-praktikak arteari, sormenari eta emozioei lotuta daude, zein onura eta muga antzeman dituzu ikasleengan?

Nik uste dut beraiek ere adierazi dutela saioren batean. Uste dut gustatzen zaiela sormena, sortzea eta sortzearen abentura hori. Euskaraz egitea da apur bat oztopo, beraien hizkuntzarekin duten mugarengatik da. Baina gero nik uste dut, alde hori; sortzearena, ekoiztearena, apurbat xaxatuz gero, kiribiltzen dira horretan, gustatzen zaie. Uste dut gozatuko dutela emaitza ikusten dutenean.

 

Bizipen honek, ikasleekiko duzun/zenuen pertzepzioan eragina izan du?Esaterako, ikasleen; gaitasun, behar eta erronka berriei begira.

Ba egia da ikasle batzuekin harritu naizela, deskubritu dut agian ezagutzen ez nuen alde bat. Ikusi dugu ikasle zehatz batekin, oso ezkorra dena, normalean ez duena ezertan parte hartzen klasean eta proiektu honetan, oso gustora egon da eta nabaritu zaio.

 

Nola bizi izan duzu Loraldia Eskola, zer nolako sentipenekin egin duzu topo?

Bueno, nik asko maite dut euskal kultura… orduan horren alde egiten den edozer, oso gustora egiten dut. Eta iruditzen zait gainera, sorkuntzarekin edo sormenarekin lotuta badago, askoz ere aberasgarriagoa dela. Gustatu zait esperientzia.
Agian, faltan bota dut egia da, hasierako saioetan ikusitako laburmetrailak eta webguneak ikasleek eta guk, eskuragarriago izateko zerbait osatzea. Zerrenda, material edota euskarri bat eskura izatea; errazteko momentu oro hauei heltzeko aukera. Materiala badago interneten eskuragarri denontzako, baina igual ez dugu ezagutzen, irakasleok ezta. Niretzako berria zen eta guzti hori biltzea, osatzea ondo legoke. Jarraikortasun aldetik ere; laburmetrailak momentu batean ikusi daitezke gelan, ikasleek ere disfrutatzen dute eta ohitzeko apurbat: Ba biharko ikusiko dugu hau elkarrekin!.

 

Zein da zuretzat hezkuntza arautuan eta gazteen artean, euskal kultura bultzatzeko; bide, euskarri edota pentsamendu indartsuena?

Oso zaila da, gu saiatzen gara baina zaila da, ederrena litzateke beraiek parte hartzea ez? Adibidez, euskara batzorde bat sortu eta ikasleek nahi dituzten gauzak egin. Eta ez beti guk bideratzen ditugunak. Baina ez daukate lotura afektiborik, orduan, ez da hauengandik ezer irtetzen.
Sartu beharko genuke euskal kulturarekin lotutako zerbait indartsua baina arautua dagoena eta gainera iruditzen zait ez dela izan behar euskara ikasgaiarekin lotutako zerbait; euskal kultura zeharkakoa izan beharko litzateke. Historia lantzen denean, hortik bebai landu…esparrua zabaldu. Herenegun, euskararen eguna egin genuen. Saio guztietarako ikusi genituen bideoak, egin genituen herri kirolak, euskal dantzak… Denetariko gauzak egin genituen, baina ezin da mugatu egun batera, euskal kultura egon beharko litzateke presente beti.

 

Nola definituko zenuke hitz batzuetan Loraldia Eskola?

Iruditzen zait beste ikuspuntu bat. Ez dakit, gure kultura beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera da. Normalean ez dute sormena lantzen eta digitalizazioa asko gustatzen zaie, orduan oso aukera polita izan da ikasleentzako errazak diren tresnen bitartez, euskara lantzeko eta zerbait sortzeko aukera izatea.