Makur Antzerkia. Jone Bengoa eta Gontzal Uribe
Bidaia kosmiko bat proposatzen dizuegu. Urrunena eta gertukoena uztartzen dituen bidaia. Ezezagunena eta ezagunegia. Erreala eta irudia. Pieza hau bukle infinitua da, umorea, antzerki dokumentala eta performancea uztartzen dituena. Beste mundu batera bidaiatzeko aukera emango digu, helmugan, beste behin, gure buruarekin topatzeko. Hori bai, modu berri batean.
Sormenaren abiapuntua 1977an NASAK espaziora jaurtitako Voyager Golden Record-ak bildu zuen material multzoa izan da. Gizadiari buruzko gogoeta bat egingo dute antzezleek. Asmoa ez da erantzunak aurkitzea, baizik eta bideak eskaintzen dizkigun ezusteekin harritzea eta hausnartzea.
Parodiaren bidez eta Carl Sagan astronomoaren bideoak erabiliz, gure buruaz barre egingo dugu. Mitologia, emozioak, zientzia, irautetko nahia, oroitzapenak… izango ditugu aztergai, galdera hau plazaratu ahal izateko: gizakiok benetan ezagutzen dugu geure burua? Carl Saganek esan zuen bezalaxe, “Sagar tarta bat egin nahi baduzu, lehenik unibertsoa deskubritu behar duzu”.