Loraldia Eskola 3. topaketa - 2025

Sarrerak

LORALDIA ESKOLA 3. TOPAKETA: Euskal kultura harrobi gosez: hezitzaileak eta irakasleak bidelagun

Topaketa hau irakasleentzako, hezkuntza-komunitateko kideentzako eta kultur eragileentzako zuzendua dago. Eguneroko jardunean kultura nola transmititu aztertuko dugu, eta horretarako, formazio, baliabide eta praktika onak partekatuko dira.

Hizlari eta partaide esanguratsuak izango ditugu, hezkuntza eta euskal kultura uztartzen dituzten proiektuak aurkezteko. Ikasteko eta sare berriak sortzeko aukera paregabea izango da!

 

Gaiaren aurkezpena

Harrobi gosez da euskal kultura, harrobi gazte eta berriak hauspotzeko premiaz. Haur eta gazteak ezagutza gosez dira, komunitatean errotzeko premiaz.
Hezkuntza-komunitateak funtsezko ardura du haur eta gazteen kultur hezkuntzan, beste eragile batzuekin batera. Haur-gazteen kezkak eta ezinegonak euskal kulturatik asetzeko bideetan arakatzeko premia du: euskal kulturaren inguruko esperientziak, praktikak, ezagutzak, genealogiak, imajinarioak eta ikuspegi kritikoak hezkuntza-komunitateko kideen artean zabaltzeko premia du.
Nolanahi ere, gose hori asetzeko aukerak eta bideak izan badira hezkuntza-eremuan, eta, hain zuzen ere, aukera eta bide horietan jarriko dugu azpimarra jardunaldi hauetan. Hezitzaileok eta irakasleok kultur hezkuntzan bidelagun izan gaitezen eskura ditugun formazioak, baliabideak eta praktika onak izango ditugu ardatz.

 

Egitaraua

Ongi etorri

Mikeldi Uribe-Etxebarria. Loraldia

Leixuri Arriazabalaga. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua.

Hitzaldi markoa: Kultur hezkuntza nola ase, irakasle-premiak hala bete

Iratxe Retolaza, kultur hezkuntzan aholkularia

 

Kultur hezkuntzak azken hamarkadetan guneak eta uneak galdu ditu eskola-eremuan, eta gizartean ere kultur zirkuituak zeharo aldatu dira. Euskal kulturaren sozializazio-guneak, elkarguneak eta ezagutza-bideak ere oso azkar eraldatu dira, eta elkar elikatze horretan etenak ere gertatu dira.
Euskal kulturaren harrobi berriak sortzeko bidean hezkuntza-komunitateak badu munta handiko erronka bat: euskal kultur esperientziak gorpuzteko eta horiek kritikoki jorratzeko topagune eraginkor bilakatzea eskola-guneak. Ipar hori ardatz hartuta, norabide horretan eragiteko bidean urrats txikiak eginez bagabiltza han-hemen hezkuntza-komunitateko hainbat eragile (hezitzaileak, irakasleak, hezkuntza-guneak, kulturguneak…).
Urrats horien eta sare horien mapa bat osatzeaz gain, euskal kultur hezkuntza lantzeko bitarteko zein baliabide zenbait aurkeztuko dira saioan zehar, baita formazio-gune batzuen berri eman ere.


Kultur ezagutzak gorpuzteko aukerak: formazioa

IGOA proiektua: Amaia Elizalde (Mikel Laboa Katedrako zuzendaria eta IGOA proiektuaren koordinatzailea) eta Olaia Miranda (UPV/EHUko Irakasle-Ikertzailea eta IGOA lan-taldeko kidea).

IGOA proiektua (Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoarako proiektua) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean garatzen ari dira 2023. urtetik, Mikel Laboa Katedraren ekimenez eta babes ekonomikoarekin. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza graduetako ikasleen prestakuntza eta aktibazio soziolinguistikoa sustatzea du helburu.
Rosa Ramos Alfaro soziolinguistika aplikatuko aholkulariarekin egiten ari dira ibilbidea: bide-orria diseinatu eta honezkero igaro dituzte hausnarketa, diseinu eta lehen inplementazio faseak. Une honetan inplementazioaren ebaluazio eta doikuntza lanetan murgiltzekoak dira.

 

Euskal dimentsioa langai IRALEn: Ane Sarasketa (IRALE)
IRALEren ardatzak zeintzuk diren eta haien esperientzietatik ateratako ideiak partekatuko dituzte jardunaldian.


Kultur kontsultak asetzeko erak: baliabideak

Kultura Eskola: María José Telleria Etxeberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondareko Zuzendari Nagusia / Isabel Lejardi, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko ekonomiako erdi mailako teknikaria (Kultura Eskola)

Kultura Eskola, Etorkizuna Eraikiz programaren barruko proiektu esperimental gisa 2020-2023 legegintzan sortu zen. Kultura gure ondarea izanik, bere transmisioa ardatza harturik sortu zen kultura eskola eta gaur egun proiektu arrakastatsua bilakatu da.
Abiapuntua eredu kultural egonkortuago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago egitea izanik, Kultura Eskolaren helburua, ikasleengan kulturarako sarbidea erreztea eta bide batez artearekiko sentsibilitatea handitzea litzateke, horren baitan sortuko baita gizartea aldatuko duen erizpide kritikoa edo gazteengan kultura sortzeko grina adibidez.
Horretarako, kultura eskolako katalogo bat sortu da zeinetan arlo desberdinetako proposamenak daude, antzerki, dantza, literatura, ikus-arteak, ikus-entzunezko, zirkua.. ikastetxeen eskura jartzen dena, kultur jarduerak aukeratu eta burutzeko.


Kultur hezkuntza egikaritzeko manerak: praktika onak

Igo Bolumena: #damolat!: Naroa Jauregizuria (AHIZE-AEK Aholkularitzan aholkularia eta proiektu burua)
Gazteek euskara eta euskarazko kulturarekiko harremana nola bizi duten ezagutzea eta transmisiorako eta berrartikulaziorako estrategiak topatzea da egitasmo honen helburua.
Ikas-unitatea nola egituratuta dagoen ezagutuko dugu eta transmisiorako eta berrartikulaziorako kontuan hartzeko jarraibide multzoa aurkeztuko da.


Loraldia Eskola: Erika Uranga Basterra, Loraldia Eskolako hezitzailea
Loraldia Eskolak gure kulturaren transmisioa, sormenetik egitea proposatzen dugu. HH-tik batxilerrera bitartean, adin bakoitzaren ezaugarri propioak kontutan hartuz. Ikasleei, erakargarriak eta motibagarriak suertatuko zaizkien kultur arte adierazpideez baliatuz, sormen lan baten prozesu guztiaren esperientziaren bizipena izateko aukera ahalbidetzen die Loraldia Eskolak.
Topaketan, hezkuntzan diharduten profesionalei, transmisioa, esperientzia bat izatearen garrantziaz ohartarazi nahi diete. Eskola komunitate osoarentzako, euskara eta euskal kulturarako arnasgune bilakatu daitekeen egitasmo xume bat, aurrez-aurre jarri.

 

Hezkuntza-egiturak etorkizunari begira

Josune Zabala, Euskara eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutuko zuzendaria
Hezkuntza lege berriak Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua arautzen duenean, eta berariaz, hizkuntza-metodologiak lantzeko eta irakasleak prestatzeko diren beharrizanei erantzuteko eginkizuna ematen dionean, euskal kulturak leku berezitua hartzen du euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen diren heinean, bai eta beste hizkuntzekin harremanetan ere.
Saio honetan, euskal kulturak eta bere transmisioak hezkuntza esparruan izan duen lekuaren gaineko irakurketa labur bat egingo da (NOLEGA deialdia, ULIBARRI programa, Hizkuntza Proiektuak, IRALE prestakuntza eta euskal sortzaileen programak…). Horrez gain, etorkizunari begirako zereginetan jarriko dugu arreta: ikastetxeetako Hizkuntza Proiektuak, irakasleen prestakuntza kulturaren esparruan, euskal curriculumaren lanketa, eskola materialaren ekoizpena antolatzea…


Agurra

 

Hizlariak eta parte-hartzaileak

Jardunaldian hizlari hauek hartuko dute parte:

Iratxe Retolaza
Euskal Filologian lizentziaduna. Euskal literaturaren, kultur hezkuntzaren eta literaturaren didaktikaren inguruko formatzaile eta aholkulari lanetan dabil hainbat elkarterekin eta erakunderekin elkarlanean (Emagin, UEU, EMUN, HUHEZI), eta Bigarren Hezkuntzan literatura irakasteko hainbat material atondu du. Irakasle-lanetan dabil Irakaskuntza Masterrean (UEU, GOI institutua) eta Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma ipar aditu tituluan (UEU, GOI institutua), Euskal Kulturaren Eragiletza Masterrean (HUHEZI, MU) eta Baionako Euskal Ikasketetan (UPPA), besteak beste.
2009 urtetik aurrera Emakumeen Jabekuntza Eskolatan eta Emakumeen Etxeetan aritzen da formazio-lanetan, euskal literaturaren, euskal kulturaren eta pentsamendu feministaren inguruko irakurle-taldeak dinamizatzen.
JAKINeko kontseilu editorialeko kidea.

 

Amaia Elizalde
UPV/EHUko irakasle ikertzailea, Gipuzkoako Campuseko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailean. Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian doktorea (UPV/EHU eta Université Bordeaux-Montaigne, UBM) eta Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (IT-1579-22) ikerketa talde kontsolidatuko kidea. 

2023az geroztik Mikel Laboa Katedrako zuzendari gisa dihardu eta IGOA proiektuaren koordinatzaile gisa talde-motorean.

 

Olaia Miranda
UPV/EHU-ko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko arte hezkuntzako irakaslea da (2017-2025) eta aurretik UPV/EHU-ko Arte Ederretako irakaslea izan da (2010-2017). Elkarrikertuz (IT1586-22) Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa talde kontsolidatutako kidea da. Bere egungo ikerketa lerroa arte praktika material-diskurtsiboetan fokatzen da. IGOAren lan-talde motorearen parte da, kulturari lotutako ekimenei lotuta, bereziki.

 

Ane Sarasketa
2010tik IRALEn egiten du lan, egun Eibarko irakastegian. Euskal Curriculumaren dimentsioa ardatz duen ikastaroan jarduten du, besteak beste –Euskal kulturaren transmisioan oinarritutako ikastaroa–. 

 

María José Telleria Etxeberria
Eibartarra, kazetaritzan lizentziatua. Eibarren zinegotzia 16 urtez eta azken hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundian Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuan zuzendaria.

 

Isabel Lejardi
Iruñakoa, ekonomian lizentziatua. Gipuzkoako Foru Aldundian, 2023ko uztailatik Kultura Sustapen eta Hedapeneko eta Koldo Mitxelena Kulturuneko departamentuan dirulaguntza lerroen kudeaketan jardun da, horien artean, Kultura Eskola.

 

Naroa Jauregizuria
Ikasketaz soziologoa, egun hizkuntza-kudeaketa aholkularia da AHIZEn, AEKren hizkuntza-aholkularitza zerbitzuan. Berdintasun- eta garapen-politiketan, erakundeetako komunikazioan eta kultura transmisioan aditua eta aritua ere bada.
2017tik, Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik ikerketa eta esku-hartzea garatzen eta zuzentzen dabil. Horren baitan sortu zen IGO BOLUMENA proiektua eta #DAMOLAT ikas unitatea.

 

Erika Uranga Basterra
Ikasketaz, historia, arkeologia, eta basoeskola pedagogietan aritua, egun Loraldia Eskolako arduradun pedagogikoa eta, batez ere, hezitzailea da.
Museoetako eta ondare gida lanetan hasi zen, kultur transmisio kontuetan. Hala ere, Durango Plateruena Kafe Antzokian kultur eragile moduan lanean ari zela ohartu zen, Hezkuntza eta kultur transmisioaren arteko lotura beharraren garrantziaz.
Ordutik, Loraldia Eskolan, eskoletan, euskal kultur transmisioan dihardu.

 

Josune Zabala
Euskal Filologian lizentziatua.
Lan ibilbidean, ahozko euskara eta bere irakaskuntza-ikerkuntzaren alorra landu izan du helduen euskalduntzean, Euskara Biziberritzeko Planetan, unibertsitatean, Mintzola Fundazioan eta Soziolinguistika Klusterrean.
Azken urte hauetan, Hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendaria izan da Eusko Jaurlaritzan, eta gaur egun, Euskararen eta hizkuntzen ikaskuntzarako institutuko zuzendaria da.

 

Izena emateko

hemen sakatu

 

 

Antolatzailea

Babeslea:

logo_bizkaiko-foru-aldundia

Laguntzaileak:

MU_HUHEZI logoa     UPV/EHUren logo orokorrak - Unibertsitatea eta Gizartea - UPV/EHU