Loraldia Eskola 2024-25: Urretxindorra ikastola: Liburu magikoa

LORALDIA ESKOLAKO EMANALDIAK: LIBURU MAGIKOA

Loraldia Eskolako ikasturte honetako proiektuen bukaera helduko da laster eta urte osoan zehar ikasleek egindako lana eta sormena oholtza gainean ikusteko aukera izango duzue.

Urretxindorra ikastolako LH6ko ikasleek maiatzaren 28an eskainiko dute “Liburu magikoa” izeneko antzezlana.

Sinopsia:
Ikastetxe bateko ikasle talde batek lan berezi bat prestatu behar du. Informazio bila, liburutegira abiatzen dira, baina han espero ez zuten ezusteko bat topatuko dute: liburuzain misteriotsu bat eta haren liburu berezia, denboran bidaiatzeko atea zabaltzen diena.

Liburu magikoaren bidez, ikasleek Euskal Herriko historiako une garrantzitsuetara bidaiatuko dute. Laboaren gitarraren soinua jarraituz; euskal musikaren jatorriak ezagutuko dituzte, baita Franco garaiko abesti debekatuak ere. Herri mugimenduekin bat eginez eta kantagintzaren bidez borroka nola egin zen ikasiko dute. Azkenik, gaur egungo musika-eszena modernoan murgilduko dira, gazteek euskarazko musika berrasmatzen duten lekura arte.

Abentura honek ezagutza soila baino gehiago emango die: belaunaldien arteko zubi bat bihurtuko da, eta musika, herri baten memoria kolektiboaren hots bilakatuko da.

Ikasleak lan bat prestatzen hasi ziren… baina euren bizitza osorako opari bat aurkitu dute.