Loraldia Eskolako ikasturte honetako proiektuen bukaera helduko da laster eta urte osoan zehar ikasleek egindako lana eta sormena oholtza gainean ikusteko aukera izango duzue.
Durangoko Sanantonio Ikastetxeko DBH4ko ikasleek ekainaren 4an eskainiko dute antzezlana, San Agustin Kulturgunean, 17:30ean.
Sinopsia:
Utzi diguten mundua. 2060. urtea da, 2024ean nerabe ziren horiek, guraso dira orain. Belaunaldi horren seme alabak dira historia honetako protagonistak. Oldarraldiak, Gerrak, Abiadura. Teknologia. Garapena. Inteligentzia artifiziala. Algoritmoa Orain, guraso diren horiek etsipenez begiratzen dute haien seme alaben belaunaldia. Sarritan, bizi duten munduaren errua haien bizkargainean uzteraino. Euskal Herriak bere ehun komunitarioaren ondorioz, urte luzeetan joera asko atzeratu ahal izan dituen arren, ez dago norabide globaletik salbu, eta azkenean iritsi da. Hezkuntza zentroak itxi dituzte, ikasleek beraien etxetik edo mugikorretik jasoko dituzte klaseak, inteligentzia artifizialez osatutako irakasle robotiko baten bidez Gezurra zirudien, baina justizia poetikoa bilakatu zen: dena galdua omen zuen belaunaldia izan zen esperantzaren eroale. Greba digital komunikatiboa egitea adostu dute.
Maialen Arteagaren aurre ideian oinarrituta, Ekhiñe Zapirainek sortu zituen bertsoak eta ikasleek sortu dute eszenaratzea.