Makur-Jone Bengoa + Josune Velez de Mendizabal
Bi sormen arabar taularatuko dira La Fundición aretoan. Alde batetik, Makur teatro taldearen “Kabia” izeneko antzezlana eta beste aldetik, Josune Velez de Mendizabalen azken sormena: “Monstruo baten etxean solasean”. Biek ala biek, hainbat pertsonei egindako elkarrizketen lekukotasuna jasotzen dute.
Josune Velez de Mendizabal sortzaile arabarrak Nestor Basterretxea du xede. Artistaren etxean burutu zuen elkarrizketa bat berreskuratu du eta teatro bihurtu. Aktorearentzat Basterretxea munstruo handi bat da, eskuekin formak eta ametsak gorpuzteko gai dena. Bizarra txuri hura, ahots sakon hura oraindik gogoan du. Esperientzia hura konferentzia bilakatu du arriskuak hartuz. Nola sartuko zinateke munstro baten etxean? galdetzen du artistak lau haizetara.
Makur taldekidea den Jone Bengoak, berriz, emakumeak protagonista diren sorkuntza taularatuko du. Nola aldatu da bizitza azken 60 urtetan? Iragan hurbilak urrundu al gaitu? Inguruko emakumeen ahotsak entzungo bagenitu, zer kontatuko lukete? Gasteiz helmuga izan zuten hainbat emakumeren ibilbideak deseginez, gure iragan hurbilera bidaiatzen du pieza labur honek.
Kabi bat inguruko materialekin eraikitzen den bezalaxe, istorio hau zenbait bizi-esperientziaz osatua dago. Hamaika emakumei egindako elkarrizketak abiapuntutzat hartuta, euren bizipenak eta haien testuingurua barnebiltzen ditu pieza honek, urteetan zehar eremu pribatuan mantendu diren istorioak kontatzeko asmoz.