Laura Sam, Julie, Heitxi
19:15 Laura Sam
20:00 Julie
21:00 Heitxi
Hiru emakume. Hiru boz. Bira Kulturguneak eszenatokia jarriko du bigarren urtez eta Laura Samek, Juliek eta Heitxik poesiak, kantuak eta melodiak eskainiko dituzte.
Banan banan arituko dira. Hiru estilo. Hiru musika begirada. Hiru sortzaile. Loraldiak sormenaren alde egiten duen inbertsioa. Sormen berriak bizten duen ikusmina eta entzunmina sustatu nahi baitugu. Etorkizuna gaur da.
Laura Samek “Proze Sua” izeneko ahozko poesia-ikuskizuna estreinatuko du. Sortzailea Murtzian sortu arren, behin Bilbora etorrita euskara unibertsoan murgildu da eta hauxe da lehen urrats euskalduna. Ekinaldi original honetan hitz idatzia ahotsaren, erritmoaren, oihuaren eta lasaitasunaren bidez eszenaratzen da.
Julie Baionan jaio eta Uztaritzen hazitako idazle, musikagile eta kantari gaztea da. Bere kanten bidez, zintzotasunez eta pasioz partekatzen du barneko sormena. Pop unibertso musikalean murgildurik, sonoritate ezti eta hunkigarria plazaratzen du. Lehen albumak “Eklore” du izen. Lore bat bezala ireki eta isilpean gordetako emozioak doinu bihurtu ditu.
Heitxi (Eider Etxeandia) lehiaketetan, erromerietan eta haur ikuskizunetan parte hartu ondoren, erronka artistiko berri bati ekin dio: bere lehen diskoa kaleratzea. “Berreraikitze Aroa” izenburu jarri dio diskoari eta berez, itxaropen eskutitz bat da, iragana ospatu eta etorkizun hobe baten alde borrokatzen duena.
*Julieren kontzertua EKE Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean burutuko da
