Esanezin + Esti Markez + Maite Ruiz Erentxun
Hiru emakume. Hiru gazte. Hiru ahots. Bira Kulturguneak eszenatokia jarriko du eta Esan Ezinek, Esti Markezek eta Maite Ruiz de Erentzunek kantuak eta melodiak eskainiko dituzte.
Banan banan arituko dira. Hiru estilo. Hiru musika begirada. Hiru sortzaile. Loraldiak gazte sormenaren alde egiten duen inbertsioa. Sormen berriak sortzen duen ikusmina eta entzunmina sustatu nahi baitugu. Etorkizuna gaur da.
Esanezin Ianire Aranzabe da. 2019ko udan eman zituen lehen pausoak Oriol Flores katalandarrarekin batera. Gaur arte bi disko plazaratu ditu eta erakutsi duen freskotasunak denok harritu gaitu.
Esti Markez txikitatik musika entzun, bizi eta nola ez, berekiko grina izan du. Laster erabaki zuen profesionalen bidea hartzea eta gaur arte bi lan plazaratu ditu . Kantautore gazteak orain arte arakatu gabeko estiloetara egin du salto, bere esentzia galdu gabe. Kantu klasiko eta modernoak dira, izenburuak dion bezala, “atenporal”.
Maite Ruiz de Erentzunek Bartzelonan ikasi berri ditu musika goi-ikasketak eta jazz munduan murgiltzeko aukera hartu du. Akordeoia eskuan jazz egitea ez da oso ohikoa, horregatik, Maite Ruiz de Erentzunek zabaltzen ari den bidea oso originala iruditzen zaigu.
Euskal soinuak jazzarekin jolasten hasten direneko kantak eskainiko ditu laukote formatuan. Gure musikatik abiaturik munduan zehar egingo duen bidaiari ekingo dio. Lekeitiar akordeojolearekin batera, Aura Mauri kantaria, Alesander Peña gitarrekin eta Manuel Luque kontrabaxuarekin arituko dira eszenatokian.
19:00 Maite Ruiz Erentxun
20:00 Esti Markez
21:00 Esanezin