- Martxoaren 27-28ko asteburua, Loraldiaren izaera osoa biltzen duen itxiera: ahotsa, gorputza eta memoria eszenan (Biran), dantza herrikoia plazan (Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunean), eta sorkuntza garaikidea aretoan (La Fundición).
- BOZAK: hiru emakume, hiru ahots eta hiru unibertso: Laura Samek Proze sua ahozko poesia-ikuskizuna estreinatuko du; Julie-k Eklore lehen diskoa aurkeztuko du; eta Heitxik Berreraikitze aroa lehen diskoaren unibertsoa ekarriko du.
- Urteurren berezi baten ospakizuna: Bilboko Santutxu auzoko Gaztedi Dantzari Taldeak 75. urteurrena ospatzen du aurten eta emanaldi berezia eskainiko du, Iruñeko Duguna Dantza Taldea lagunduta.
Loraldia Festibalaren edizio honetako azken asteburuak hiru proposamen jarraian bilduko ditu, testuinguru berean ulertzeko moduan: ahotsak (poesia eta musika), gorputzak (dantza) eta oroimena (tradizioaren eta idazkera garaikidearen arteko lotura). Hiru ekitaldiak publiko anitzari begira daude, baina guztiak helburu berarekin: euskarazko sorkuntza gaurkotzea, plaza berriak irekitzea eta komunitatea aktibatzea.
BOZAK: hiru emakume, hiru ahots, hiru unibertso Bira Kulturgunean
Bigarren urtez, Bira Kulturguneak eszenatokia jarriko du BOZAK saiorako: Laura Sam, Julie eta Heitxi arituko dira, banan-banan, poesia, kantu eta melodien bidez. Hiru estilo, hiru musika begirada, hiru sortzaile: Loraldiak sormenaren alde egiten duen inbertsioaren erakusgarri, etorkizunari gaur bertan ahotsa emateko.
Laura Sam: Proze sua. Ahozko poesiatik euskarara egindako lehen urratsa
Laura Samek Proze sua estreinatuko du: hitz idatzia ahotsaren, erritmoaren, oihuaren eta lasaitasunaren bidez eszenaratzen duen ahozko poesia-ikuskizuna. Sortzailea Murtzian jaio arren, Bilbora etorrita euskara unibertsoan murgildu da, eta proposamen hau bere lehen urrats euskalduna da.
Julie: Eklore. Pop unibertso ezti eta hunkigarria
Julie Baionan jaio eta Uztaritzen hazitako idazle, musikagile eta kantaria da. Pop unibertsoan, zintzotasunez eta pasioz partekatzen du barneko sormena, sonoritate ezti eta hunkigarrietan. Bere lehen albumak Eklore du izen, eta lore bat bezala ireki, isilpean gordetako emozioak doinu bihurtu ditu. Kontzertua EKE Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean burutuko da.
Heitxi: Berreraikitze aroa. Lehen diskoa, itxaropen-gutun gisa
Heitxi (Eider Etxeandia) lehiaketetan, erromerietan eta haur ikuskizunetan aritu ondoren, erronka artistiko berri bati ekin dio: bere lehen diskoa kaleratzea. Berreraikitze aroa izenburua jarri dio, eta diskoa “itxaropen eskutitz” gisa aurkezten da: iragana ospatu eta etorkizun hobe baten alde borrokatzen duena.
GAZTEDI ETA DUGUNA: 75 urte dantzan, Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunean
Larunbat eguerdian, Loraldiak Gaztedi Dantzari Taldea (Santutxu, 1951) eta Duguna – Iruñeko dantzariak taldeak elkartuko ditu: bi hiri, bi ibilbide luze, eta 75 urteko ospakizunari lotutako topaketa. Gaztedik 2026an ospatuko du 75. urteurrena; Dugunak, berriz, 2024an ospatu zuen, eta bi taldeak Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunean batuko dira ikuskari berezi batean.
Talde biak plazan elkartuta, ikuskari ikusgarri bat eskainiko dute, ospakizun handi moduan. Azken dantzan, gainera, publikoak parte hartzeko aukera izango du: “Dantza barik ez baitago iraultzarik”.
HIZKETAK: memoria intimoenetan, dantza, kantua eta soinuak artifiziorik gabe
Larunbat gauean, La Fundición aretoan, Hizketak sorkuntza garaikideak bi pieza eszeniko aurkezten ditu, eta bietan uztartzen dira dantza (Mizel Théret), kantua (Beñat Achiary) eta soinuak (Pierre Vissler). Sorkuntzaren ardatza memoria da, euskal kultur legatuaren eta idazkera garaikidearen arteko kodeak gainditzeko saiakera gisa.
EKITALDIEN DATUAK (oinarrizko informazioa)
BOZAK – musika eta poesia
- Data: 2026/03/27 (ostirala)
- Lekua: Bira Kulturgunea
- Ordutegia: 19:15 Laura Sam · 20:00 Julie · 21:00 Heitxi
- Iraupena: 165 min
- Sarrera: 5€ (Lorazainak 3€)
- Sarrerak: https://sarrerak.loraldia.eus/denda/bozak
GAZTEDI ETA DUGUNA. 75 URTE DANTZAN – dantza
- Data: 2026/03/28 (larunbata)
- Ordua: 12:30
- Lekua: Guggenheim Bilbao Museoko zabalgunea
- Iraupena: 90 min
- Sarrera: doan: https://sarrerak.loraldia.eus/denda/gaztedi-duguna-75-urte-dantzan
HIZKETAK – dantza, kantua, soinuak
- Data: 2026/03/28 (larunbata)
- Ordua: 20:00
- Lekua: La Fundición
- Iraupena: 60 min
- Sarrera: 12€ (Lorazainak 10€)
- Elkarlana: EKE Euskal Kultur Erakundea
- Sarrerak: https://sarrerak.loraldia.eus/denda/hizketak