- Loraldiak 2026ko udako gazte kultur sormen egonaldietarako 6 proiektu hautatu ditu, aurkeztutako 10 proposamenen artean.
- 13 sortzaile gaztek hartuko dute parte Lekeition egingo den egonaldian, ekainaren 23tik 26ra, Loraldia Gaztea lan-ildoaren barruan.
- Egonaldiak euskarazko sormen gazteari bultzada emango dio, tutoretza, lanerako espazioa, baliabideak eta harreman-sarea eskainiz.
Loraldiak ebatzi du 2026ko udako gazte kultur sormen egonaldien deialdia, eta aurkeztutako 10 proiekturen artean 6 hautatu ditu aurtengo egonaldian parte hartzeko. Guztira, 13 gazte sortzailek hartuko dute parte Lekeition, ekainaren 23tik 26ra, egingo den sormen-egonaldian.
Ekimen hau Loraldia Gaztea lan-ildoaren barruan kokatzen da, eta helburu argia du: euskaraz sortzen duten gazteei plaza, denbora, baliabideak eta harreman-sarea eskaintzea, beren sormen proiektuak garatu eta sendotzeko. Loraldiarentzat, gazteen sormena sustatzea ez da soilik belaunaldi berriei aukera ematea; euskarazko kulturaren etorkizuna elikatzea ere bada. Loraldia Gazteak, hain zuzen, transmisioa, esperimentazioa eta belaunaldi berrien ahalduntzea uztartzen ditu.
Aurkeztutako proiektuak eta arloak
Aurtengo deialdian hautatutako proposamenek aniztasun handia erakusten dute, bai diziplinei dagokienez, bai sormen begiradei dagokienez. Literatura, dantza, dramaturgia, performancea, ikus-entzunezkoa eta diziplina arteko proposamenak izango dira Lekeitioko egonaldian batuko direnak.
Hautatutako sei proiektuak honako hauek dira: Fauna, Beti neure burua zuritzen, Magala, (T)artean, Lekua lekuko eta Nik bakarrik, berriz. Proiektu horien atzean daude Iruñea, Durango, Algorta, Erandio, Leioa, Donostia, Bilbo, Tolosa eta Barakaldoko sortzaile gazteak.
Egonaldien garapena
Egonaldiak ez du soilik sormenerako espazio bat eskainiko. Parte-hartzaileek lanerako denbora eta lekua, tutoretza eta laguntza profesionala, ostatu-baldintzak eta harreman-sare berriak sortzeko aukera izango dituzte.
Gainera, aste horretan Loraldiak Lekeition antolatuko dituen jarduera kulturalekin lotura zuzena izango dute, egonaldia esperientzia trinko eta esanguratsu bihurtuz. Egonaldi hau euskarazko sormen gazteari bultzada estrategikoa emateko sortu da: ideiak partekatzeko, proiektuak fintzeko eta etorkizuneko ibilbide artistikoak sendotzeko.
Loraldiak balio berezia eman nahi dio aurtengo hautaketari, erakusten duelako badagoela euskaraz sortzen duen belaunaldi gazte bat, ahots propioarekin, lengoaia garaikideekin eta kultur panoraman tokia hartzeko gogoarekin. Horregatik, Loraldia Gaztea ez da programa osagarri bat; Loraldia egitasmoaren ikuspegi estrategikoaren parte da, gazteak euskarazko kulturaren erdigunera ekartzeko tresna gisa.
Udako kultur sormen egonaldiek berresten dute, beste behin ere, Loraldiak euskarazko kulturaren garapena, berrikuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzeko duen konpromisoa, eta bereziki, belaunaldi berrien sormenean inbertitzearen garrantzia.
Hautatutako proiektuak
- Fauna | Literatura
Iñigo Satrustegi (Iruñea) - Beti neure burua zuritzen | Teatroa – Dramaturgia – Performance
Kattalin Noizbehinka (Durango), Paula Brezo (Algorta) - Magala | Teatroa – Dramaturgia
Amets Ibarra (Erandio), Idoia Tapia (Iruña), Ines Aresti (Leioa), Nahia Sillero (Donosti), Nerea Lizarralde (Bilbo) - (T)artean | Dantza
Leire Ondarroa (Algorta) - Lekua lekuko | Literatura
Alaitz Urrutia (Erandio) - Nik bakarrik, berriz | Teatroa – Dramaturgia – Ikus-entzunezkoa
Ziggy Docherty (Tolosa), Aitzol Villahoz (Barakaldo), Ismael Munuera (Barakaldo)